2026-06-19
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskola txikien inguruko politika egokiak aldarrikatu ditugu Legebiltzarrean

Haurreskola txikien inguruko politika egokiak aldarrikatu ditugu Legebiltzarrean

Haurreskola txikien inguruko politika egokia aldarrikatuz 2.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituen LABek EAEko Hezkuntza Ordezkaritzan maiatzaren 10ean. Gaur, Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean parte hartu dute LABeko Eider Casanova eta Lore Igartuak Haurreskoletarako finantziazio nahikoa, aitortza politikoa, beharretara egokitutako politikak eta kudeaketa eraginkorra eskatzeko.

LABen interbentzioaren laburpena:

ISEI-IVEIk Haurreskolak Partzuergoa eta Eusko Jaurlaritzarako egin duen azkenengo azterketan azalaratzen diren ondorioen artean, 0-3 urteko zikloak eta eskolaratze goiztiarrak duten garrantzia eta ekartzen dituen onurak azpimarratzen ditu. 0-2 zikloak daukan garrantzia gero eta argiago dago eta inork ez du zalantzen jartzen Haurreskolak Partzuergoak egindako ekarpena EAEn ziklo hau sustatzeko. Baina, zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskoletako Zuzendaritza batzordeak hartutako erabakien ondorioz, ziklo honek behar duen bultzada emateko inolako asmorik ez dagoela adierazi dute.

Haurreskolak Partzuergoa, udal ezberdinen eta Eusko Jaurlaritzaren artean Haur Eskolen kudeaketa integrala eta 3 urtetik beherakoen laguntza eta hezkuntza arreta emateko sortu zen.

Helburuen artean argi zehaztu zen Landa-eremuetako biztanleei hezkuntza eta laguntza izaerako zerbitzu baten eskuragarritasuna ahalbidetzeko egitasmoa zela.

Guk aurkeztutako ekimenean, hezkuntza komunitatean dagoen kezka handi bat islatu nahi izan dugu. Izan ere, pasa den ikasturtetik, eta zuzendaritza batzordean horrela erabakita, landa eremuko haurreskolak zabalik mantentzeko eta behin zabalik egonda, ordutegi zabala eskaintzeko (gainontzeko haurreskoletan dagoena), argi adierazi ziguten beti izandako malgutasuna eta egindako salbuespenak ez zirela mantenduko. Beraz, zuzendaritza Batzordeak Landa eremuko haurreskolekin zorroztasunez jokatzea erabaki zuen. Erabaki honekin, hainbat haurreskola arriskuan jarri ziren. Batetik, udalerri horietan eskaintzen den hezkuntza zerbitzua gutxiesten eta, bestetik, lanpostuak kolokan jartzen.

Guztira 37 haurreskola, 512 haurrentzako plaza eta 59 lanpostu. Hauek dira zorrotz jokatzeak ekarri ahal dituen kalteak.

Baina, azterketa sinple bat izango litzateke, hemendik egiten dugun irakurketa zorrotza izatea edo malguak izatea hautua hartzea baldin bada. Hemen jokoan dagoena da haurreskolek daukaten garrantzia onartzea, bai ala ez. 0-3 zikloak hezkuntza sisteman egiten duen ekarpena onartzea ala ez. Horregatik, hasieratik esan dugun bezala, hori ezin dugu zalantzan jarri.

Haurreskolak Partzuergoak 0-3 zikloan egin duen ekarpena, onartzen badugu, gaur egungo finantziazioa nahikoa ez dela onartuko genuke.

Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiarekin argi utzi zuen, haurreskoletarako inbertsio ekonomiko nahikorik ez dagoela 0-2 ziklorako. Horrelako neurriek helburu ekonomizistei erantzuten diete, eta ez jendarteak dituen beharrei. Horretan dago gakoa.

Bildu diren sinadurekin argi esan behar dugu, landa eremuko herrietan, kalitateko hezkuntza zerbitzu bat izateko benetako politikak behar direla, neurri zehatzak, elkarlana, kudeaketa integrala eta eraginkorra, beharrak detektatu eta behar horiei erantzungo dieten politikak behar ditugu. Hori da, hain zuzen ere, bildutako sinadurekin eta LAB sindikatuak egiten duen aldarrikapenekin lortu nahi duguna: finantziazio nahikoa, aitortza politikoa, beharretara egokitutako politikak eta kudeaketa eraginkorra.

Lau zutabe hauetan oinarrituta, 0-3 zikloak izan behar duen garapena lortuko genuke, hasieratik, adierazi ditugun onurak ekarriko dituen proiektua eraikitzen, baina, zoritxarrez, azken urtetan hartutako neurriak ez doaz bide horretara zuzenduta:

Adibide batzuk jarriko ditugu:
– 0-3 zikloa apurtu da (0-2 urte partzuergoan eta 3-6 irte eskola publikoen sarean).
– Herritarrentzat oso garestia den zerbitzua da (208 euro 8 ordurengatik).
– Langileon lan baldintzak gero eta okerragoak dira.
– Haurreskola berriak zabaltzeko zailtasunak jartzen dira, ekonomikoki, baldintzarik ez dagoelako.

Hori da gaur egungo argazkia, aldatu beharrekoa. Kalitateko hezkuntza sistema batean, 0-3 zikloak izan behar duen aitortza lortzea da gure helburua eta, horretarako, ez dago alternatibarik. 0-3 urteko zikloa, doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa izatea behar dugu. Horretan sinesten dugun guztiontzat bide bat besterik ez dago, finantzazioa egokitzea eta ziklo honetan behar bezala inbertitzea. Azken finean, hezkuntzan egiten den inbertsioa jendartearen ongizatean inbertitzea delako.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.