2026-05-03
HomeEkintza PolitikoaBizi dugun egoerari aurre egiteko, egiturazko neurrien alde egiteko unea dela aldarrikatzen...

Bizi dugun egoerari aurre egiteko, egiturazko neurrien alde egiteko unea dela aldarrikatzen dugu

Madrilen krisi energetikoari aurre egiteko lege dekretu berria onartu den honetan, adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra azpimarratu dugu.

Hilabeteak dira langileok krisi hotsak geroz eta ozenago entzun eta ondorioak bizitzen ari garela. Sinetsarazi nahi digutenaren aurka, argindarraren prezioaren igoera zein oro har energia krisiaren arrazoiak ez dira Ukrainan jasotzen ari den gatazka belikoan hasi eta bukatzen. Egungoa ez da, gainera, koiunturazko eta beraz salbuespen neurri mugatuekin erantzuteko momentua.

Energia krisiaren oinarrian egungo ekoizpen eta banaketa sistema bidegabea da. Sistema kapitalistak, besteren artean langileon bizitzak prekarizatu eta pobretu, nagusiki emakumeok egitera behartutako zaintza lanak ikusezin bilakatu eta planetaren bioaniztasuna suntsitzen ditu.

Lehengaiak geroz eta zailago eta garestiago eskuratu, eraldatu eta garraiatu daitezkeen testuinguru honetan, Europar Funtsekin sustatu nahi zen trantsizio energetikoaren asmoak lausotzen ari dira, gerraren ondorioen aitzakipean erregai fosilei zigilu berdea emanez.

Gauzak horrela, hasiak gara entzuten trantsizio energetikoa baino, segurtasun energetikoa bermatu behar dela dioten adierazpenak. Horretarako, elektriken irabazi handiak mugatu eta sektore estrategiko gisa kontrol publiko eta sozialean berenganatzeko bideorria baino; langile eta herri sektoreen pobretzearekin aberasten ari direnen aurkako neurri sakonak hartu baino, aurreko krisietan bezala agintari politikoek gerrikoa langileok estutu eta ahalegin berriak egin ditzagun eskatzen digute.

LABen iritziz, datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarron bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea.

Horrek esan nahi du argindarraren prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu beharra dagoela, erreforma fiskal eta neurri zehatzen bidez, oligopolio energetikoak irabazitako mozkinetan eskua sartu behar dela eta energia bezalako sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala bermatu behar dela.

Norabide horretan, Sanchezen gobernutik zein Urkullu-Tapia tandemak edo Chiviteren gobernuen neurri epelak guztiz eznahikoak direla salatzen dugu, baita interes enpresarialen menpe daudela ere. Noski planetaren muga biofisikoak kontuan izan eta jarrera indibidualetan aldaketa eman behar dela, baina gaitasunen araberako ahalegina da arautu beharrekoa.

Gauzatu beharreko trantsizioa ezin da herri sektoreon jarrera indibidualetan oinarritu soilik eta horretarako lurraldearen planifikazio eraginkor eta ekoizpen eredua berraztertzearekin batera urgentziaz energia xahutze erraldoiak egiten dituztenei eta prezioen igoerekin aberasten direnei gehiago murriztera derrigortu, zerga gehiago ordainarazi eta haien espekulazio eta esplotazio asmoei muga jarri behar zaie

Beraz, larrialdi ekosozialari errotik erantzuteko proposamenak eta neurriak behar ditugu. LABek bere Programa Sozioekonomikoan bildu ditu hamaika proposamen eta hurrengo hilotan langileok bizi dugun bizitzaren garestitzearen aurka borrokatu eta zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko indarrak biderkatuko ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...