2026-10-22
HomeEkintza SozialaEkosozialismoaGaroña desmantelatzea besterik ez dugu onartuko

Garoña desmantelatzea besterik ez dugu onartuko

LAB sindikatuak biharko Garoñaren aurkako manifestaziorako deia egin behar zien langileei, baina beste behin ere, aitzakia bidez, gure osasuna, bizitzak eta ingurumena arrisku larrian jarri nahi dituztenak isilarazi nahi izan gaituzte.
Euskal herritarrok bere sasoian Lemoiz itxi genuen. Zentral nuklearren aurkako jendartea da gurea. Urteak daramatzagu Garoña ixteko exijentziarekin. Heldu gara mugara, LABek Santa Maria de Garoña zentral nuklearra desmantelatzea besterik ez du onartuko.

Hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei abenduaren 20a baino lehen erakutsi behar izan diegu ez gaudela prest horrelako inposaketa eta arriskuei aurre egiteko. Administrazioek, interes ekonomikoak alde batera utzi eta behingoz arduraz jokatu beharra dute. Ez dugu onartuko jendartearentzat eta ingurumenarentzat segurua ez den inolako energiarik, ez hidrokarburo bilaketarik Kantauri itsasoan, ez zentral nuklearrik, ez frackinga bezalako teknika kutsakor eta arriskutsurik. Energia kontsumoa jaistearen aldekoak, instalazioak sakabanatzearen aldekoak gara. Energia berriztagarri eta ordezkagarrien aldeko apostua egingo dugu guk, aire garbia eta osasun publikoa bermatuko dituena. Ildo horretan, herri industrializatuok aurrerapauso handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere elektrizitateari dagokionez.

Aurreko guztia bermatzeko, energia bezalako oinarrizko eskubidea dena administrazio publikoek kudeatu beharko lukete. Energiaren gaineko kontrola demokratikoa izan beharko litzateke, langile eta erabiltzaileon parte hartzea bermatuz. Gogoratu behar da urte honen bukaeran faktura garestiena ordainduko dugula, eta dagoeneko herritar gehiegik ezin diote faktura horri aurre egin. Ondorioz, beraien osasun fisiko eta mentala kaltetuko da, neguan berotasunik ez duten gorputzetan hori ezin daitekeelako bermatu.

Arabako mugatik horren hurbil dagoen zentral nuklearra hondakin nuklearrak gordetzeko hilerri bilakatu nahi dute orain. Guztiz onartezina deritzogu. Urte luzeegitan jasan izan dute bertako bizilagunek arrisku hori. Bada ordua zigor hori beraien buru gaineetatik kentzeko. Erradiazio horren ondorioz, bertako bizilagunek ohikoa baino urdail eta birikietako minbizi kasu gehiago izan dituzte, nahikoa da!

Langileok mobilizatzera deitzen zaituztegu, eta debekuen gainetik, igandean “Nuklearrik? Ez eskerrik asko, Garoña itxi orain!” pegata jarrita bozkatzera joatera.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Miguel Servet Fundazioko langileek hitzarmena aplikatzeko finantziazio falta salatu dute, eta Nafarroako ikerketa biomediko publikoaren etorkizunaz ohartarazi dute

Langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta lanuzteak iragarri dituzte astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, datorren astetik aurrera.

LABen Bilboko Udaleko atal sindikalak babesa adierazten dio eraikin publikoetako garbiketako langileen grebari

LABek, ELArekin eta CCOOrekin batera, Bilboko Udalari eskatu diogu kontratuaren esleitzaile gisa duen erantzukizuna bere gain hartzeko eta premiazko elkarrizketa-mahai bat abian jartzeko, akordio duin bat bermatze aldera. Gure aldarrikapen nagusietako bat soldatetan dagoen genero-arrakala nabarmena desagerraraztea eta kale-garbiketa bezalako sektore maskulinizatuekin alderatuta pairatzen duten prekarietate-egoera jasanezinari amaiera ematea da.

Nafarroako Metalaren negoziazio mahaiaren presazko osaketa salatzen dugu

UGT eta CCOO sindikatuek eskatuta, Nafarroako Metalaren Hitzarmenaren negoziazio mahaia asteartean osatu zuten, indarrean dagoen hitzarmena bukatu baino bi hilabete lehenago. LABen ustez, aurrerapen hori justifikatzeko erabilitako argudioak ez dira nahikoak, eta bi sindikatuek mahaian duten gehiengoari eusteko balizko saiakera bati erantzuten dio.