2026-08-02
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLABek Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuko buruaren hautatze prozesua gelditzea eskatzen du, euskara...

LABek Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuko buruaren hautatze prozesua gelditzea eskatzen du, euskara baztertzen duelako

LABek prebentzio zerbitzuko buruaren hautatze prozesua berehala gelditzeko eskatzen du, euskara baztertzen duelako 

– Ez du lantaldeari zerbitzu hori euskaraz ematerik bermatzen.

– Euskararen normalizazioa hipotekatzen du arlo horretan datozen 20 urteotarako.

LAB sindikatuak publikoki salatzen du Metro Bilbaon hizkuntzen alorrean erakusten duen sentsibilitate eskasa.

Atzo, igandea, irailak 20, kanpoko hautatze prozesu bat iragarri zen prentsan, Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuaren arduradun izango dena kontratatzeko.

Besteak beste, euskarazko B1 eskakizuna egiaztatu beharko da.

LABek salatzen du maila horrekin ez dagoela prebentzio arloa euskaraz kudeatzerik, ez baita hizkuntza horretan txostenik edota espedienterik sortzeko edo ulertzeko gaitasunik bermatzen.

Era berean, pertsona hori erakundeko mediku lanetan ere arituko da eta, horrela, ezinezkoa izango zaio euskaraz komunikatu eta ezelako diagnostikorik ematea.

LAB sindikatuak ez du ulertzen zelan, kanpoko hautatze prozesu baten aurrean, ez den lantaldea bi hizkuntzetan artatzeko gai izango den profesionalik onena bilatzen.

Metro Bilbaoren zuzendaritza euskaraz bizi eta lan egin nahi duten pertsonak baztertzen ari da horrela, modu kontziente eta aurrez pentsatuan.

Xehetasun gisa, prebentzio alorrean haren azpian eta esanetara aritu behar duenari (teknikaria) B2 hizkuntza eskakizuna eskatuko litzaioke kanpoko kontrataziorik egin behar izanez gero, baina hierarkian gainean dituenekin ez dira hain zorrotz eskakizun horiek. LAB ez dago neurri horrekin ados eta nagusiei gutxienez beren esanetara ari direnei besteko maila eskatzea aldarrikatzen du.

Agerian geratu da, berriro ere, hiriarteko tren konpainiako zuzendaritzak euskararen normalizazioari buruz duen sentsibilitate eta inplikazio eskasa. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusiak sinatutako hizkuntzen kudeaketarako politika izan arren, apaingarri, itxura eta marketin hutseko elementua baino ez da, asmo adierazpen hutsa, aurrera egin edo burutzeko aukera txikienaren dagoenean ahaztu, eta aplikatzea saihesten baita.

Horregatik guztiarengatik, LAB sindikatuak prozesua berehala eteteko eskatzen du, eta lanpostuaren beharretan euskaraz bizi eta lan egin nahi duten langileekin harremanak euskaraz izatea ahalbidetuko duten eskakizuna sartzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.