2026-10-06
HomeEkintza SindikalaEkintza sindikala indartzeko dinamika martxan da

Ekintza sindikala indartzeko dinamika martxan da

Lantokietako ekintza sindikala berritu eta indartzera goaz LABetik. Egoera aldatu egin da, langileontzat okerrera aldatu ere, eta horren aurrean, ekintza sindikala urrats berriak eman behar ditugu. Nola? Gure eskaintza eta praktika sindikala berrituz. Sindikatuon erronka ez da dagoenaren gainean langile batzuren egoera hobetzea, egoera bere osotasunean aldatzea baizik, langile guztien egoera hobetu ahal izateko. Horretara goaz.

Patronalaren ahalmena eta pribilegioak ziurtatzen dituzten arauak gailendu dira. Lehen akordioa behar zen lan baldintzak aldatzeko, orain enpresariek beren kasa aldatu ditzakete, ez dute akordiorik behar euren asmoak aurrera ateratzeko.

Langileoi negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu digute. Lehenagotik zetorren desarauketari, orain, enpresarien aldebakartasuna gehitzen zaio. Negoziazio kolektiboa ezinbestekoa da, bai, eta negoziazio kolektiboan eta hitzarmenak defendatzen jarraituko dugu aurrerantzean ere, baina ezin dugu gaurko joko arauetara mugatu.

Langileok bizi dugun prekarizazio prozesuaren aurrean erabaki berriak hartu behar ditugu. Inor ez dago salbu. Langile guztiok gaude modu batean edo bestean prekarietatearen jopuntuan. Gauzak aldatzeko giltza non dago? Ekintza sindikala, lantokietako borroka indartzea, helburu berriak jarriz eta bide berriak irekiz.

Egoera berriak erantzun berriak eskatzen ditu, eta LABen erabaki dugu momentua dela sindikalgintzaren inguruko gogoeta sakon bat egiteko. Gure sindikatua etorkizunean nolakoa izango den erabakitzeko eztabaida ireki dugu. Eta bien bitartean, iparrorratz berarekin, luzera begirako gogoetak motzera begirako erabakiekin elkarlotu ditugu: prekarietatearen kontra borrokatzeko gaitasunak markatuko du sindikalgintzaren oraina eta etorkizuna.

Lantokietan abiatzera goazen dinamika iraunkor honekin prekarietatearen kontrako borrokari zentralitate osoa emango diogu. Langile kolektibo guztion erreferentzia bihurtu behar dugu, eta gure eguneroko arazoei erantzunak eta alternatibak eskaini.

LABen eskaintza sindikala lantoki guztietara eramango dugu, gure delegatuen eskutik. Bost zutabe nagusi ditugu: kalitateko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara. Eremu horietan benetako neurriak hartuz errealitatea aldatu daiteke. Hor dugu erronka. Enpresaz enpresa, eremuz eremu, beharren araberako ekimen desberdinekin osatzen joango gara bidea.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.