2024-05-07
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaGobernu Kontseiluaren erabakiak agerian uzten ditu PNVren ezintasunak sektore publikoan akordioak lortzeko

Gobernu Kontseiluaren erabakiak agerian uzten ditu PNVren ezintasunak sektore publikoan akordioak lortzeko

Ezagutu berri dugu Gasteizko Legebiltzarrean gaur bertan bozkatzekoa zen Euskal Administrazio Publikoaren Legearen (EAPL) tramitazio parlamentarioan atzera egin duela Gobernu Kontseiluak ez-ohiko bilera bat deituz.

LAB sindikatutik, Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazioa arautzea helburu zuen egitasmoaren tramitazioan zehar egin bezala, edukiei dagokionez egitasmo honek dituen gabezia nabarmenak salatu ditugu. Azken hilabeteotan salatu dugun bezala, egitasmo honek kontsentsu sozial handiko printzipio orokorren atzean (parte hartzea, gardentasuna, eraginkortasuna, …) inongo neurri zehatzik ez zuen jasotzen irizpide horiek EAEko administrazioan garatzen joateko; ezta horiek inplementatzeko bitartekorik ere. Horretaz gain, administrazioaren berrantolaketa helburu lukeen tamainako gogoeta egiterako orduan, euskal administrazioan bertan premiazkoak diren bestelako aferei ez heltzea salagarria iruditu zaigu; besteak beste, administrazioaren inguruan biltzen diren bestelako erakunde publikoen arautzea edota administrazioaren euskalduntzerako neurri eraginkorrak kasu.

Ildo honetan, Eusko Jaurlaritzaren jarreraren inguruan bi ideia azpimarratu nahi ditugu. Lehenik, gaurkoan talde parlamentarioen arteko emendakinen onarpen eta ez-onarpenen inguruko ika-mikaren gainetik, prozesu honetan eragile sozialak eta sindikalak alde batera utzi zaigula. Gogoratu behar dugu, administrazio publikoan herritarren parte hartzea eta gardentasuna sustatzea helburu izango lukeen egitasmoaz ari garela, eta parte hartze eta gardentasun horren subjektu izan behar diren herritar eta eragile sozialei bizkar emanda egindako proiektua izan dela. Horrekin batera, administraziotik eskaintzen diren zerbitzu publikoen emaile nagusiak langileak gara, eta langileok eta bere ordezkariok gara administrazioak dituen gabezi eta behar dituen aldaketa nagusiak ezagutzen ditugunak, gure parte hartzerako biderik sustatu ez delarik.

Eta bigarrenik, gaurkoan Urkullu Lehendakariak zuzentzen duen Gobernu Kontseiluak, PNVren bakardade parlamentarioa agerian ez uzteko hartutako erabakia, Eusko Jaurlaritzak funtzio publikoan eta zerbitzu publikoen garapenean azken urteotan jokatutako paperaren isla baino ez dela. Josu Erkorekak zuzentzen duen Administrazio Publikoen Sailak sindikatuon inongo babesik gabe murrizketa eta neurri ezberdinak (lanaldiaren luzapena, soldata murrizteak, ordezkapenak ez betetzea, …) bata bestearen atzetik inposatzen joan da urte hauetan, komunikabideei begirako antzezpenetatik harago, langileon ordezkariokin adostasuna lortzeko inongo borondaterik gabe. Gaurkoan, PNVren Gobernuak egitasmoa atzera botatzeko eman duen urratsa, erabakiak hartzeko aldebakarreko joeraren eta kontsentsuak lortzeko ezintasunaren ondorio baino ez dira.

Bukatzeko, Erkorekak goizean egindako agerraldian EAPLren inguruko egitasmo berria aurkezteko asmoari buruz, talde parlamentarioekin ez ezik, horrelako egitasmo batean parte nagusi izan behar dugun herritar, langile publiko eta sindikatuekin adostasunak lortzeko bideak ireki ditzala eskatzen diogu. Tamainako proiektu batek, administrazioa herritar eta langileen parte hartzeari irekitzea helburu baldin badu, hauen esku hartzea tramitazioaren hasieratik behar duelako. Horrekin batera, gogora-arazi nahi dugu antzeko egoeran kokatzen dela Jaurlaritza lantzen ari den Euskal Enplegu Publikoaren Legea, zeinak orain arte sindikatuon inongo babesik aurkitu ez duen eta antzeko egoera parlamentarioan aurkitu daitekeen epe motzean.

Horregatik, langileon eta bere ordezkarion parte hartzeari ateak ireki ezean, LAB sindikatuak bere eskura dauden ekimen ezberdinak garatzen joango da izaera antisozial eta kalitate demokratiko eskaseko horrelako egitasmoak gelditzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.