2026-10-25
HomeEkintza Politikoa"Borroka sindikal eta sozialak abian jartzen jarraituko dugu, lan erreforma hau aplikatu...

“Borroka sindikal eta sozialak abian jartzen jarraituko dugu, lan erreforma hau aplikatu ez dadin”

Euskal gehiengo sindikalarekin batera kalera aterako gara berriro, lan erreforma honen aurka eta lan harremanetarako euskal esparruaren alde. Lan erreforma bera Espainiako Kongresuan bozkatu bezperan egin ditugu mobilizazioak, lantoki zein herrietan. Bilboko Moyua plazan egindako elkarretaratzean izan da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, eta bertan adierazi du, ostegunean gertatzen dena gertatzen dela ere, bide propio bat elikatzen jarraituko dugula, “praktika subiranista bat garatzen, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propio bat erdietsi arte, burujabetza eta ahalmen legegile osoa izango duena”.

Garbiñe Aranburuk ohartarazi duen bezala, “erreforma honek dagoen moduan aurrera jarraituz gero, patronalak irabazten du eta langileok galtzen dugu, erreformak prekaritatea bertikotzen duelako eta langileontzat eskubide berreskuratzerik ez dagoelako. Okerrena da bere burua ezkertiartzat, progresistatzat, aurrerakoitzat duen gobernu baten oniritziarekin, bermearekin, aterako dela erreforma; langileen eskubideen berreskuratzeaz ari garenean, bere hitza jan duen gobernu baten bermearekin, hain zuzen ere”.

Eremu sindikalari dagokionez, “mobilizazioari uko egin eta elkarrizketa sozialaren xagutegian harrapatuta” dauden CCOO eta UGT sindikatuek erreforma honi “estalki soziala” jarri diotela salatu du.

Idazkari nagusiaren hitzetan, “gertatzen dela gertatzen dela ere, Euskal Herrian Madrilen posible ez den hori posible egiten jarraitu behar dugu. Borroka sindikal eta sozialak abian jartzen jarraituko dugu Euskal Herrian, lan erreforma hau aplikatu ez dadin eta lan duinaren aldeko akordioak lortzeko. Eta jarraituko dugu ere bide propio bat elikatzen, praktika subiranista bat garatzen, lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propio bat erdietsi arte, burujabetza eta ahalmen legegile osoa izango duena”.

Mobilizazio dinamika jendetsua

Gaur lantokietan egin bezala, joan den asteburuan Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako kaleetan mobilizazio jendetsuak egin genituen. Halaber, gehiengo sindikalaren ekimenez bilera-erronda egin dugu hainbat alderdi politikorekin (EHBildu, Podemos-Ahal Dugu, EAJ), eta eskakizun argia helarazi zaie: konbalidazioan, eta beti lan erreformak erabat indargabetzeko bidean, aurretik aipatutako bi gaietan (kaleratzeak eta estatalizazioa) moldaketarik egongo ez bada, ezezko bozka emateko erreformari.

Beharrezkoa da euskal alderdiek euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak Madrilen defendatzea eta langileek beren lan eta bizi baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatu eta defendatzea. Gaurkoan lantokietan mobilizatuz, bide horretan beste urrats bat egin da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.