2026-05-04
HomeEkintza SozialaHan eta hemen, eskubideak pertsona migrante guztientzat

Han eta hemen, eskubideak pertsona migrante guztientzat

2014ko abenduaren 18an pertsona migranteen eskubideen aldeko eguna dugu. Aurten ere, nazioarteko krisi kapitalistaren ondorioek bere horretan jarraitzen dute, biziki eraginez: gero eta pobrezia handiagoa pertsonak eta herrientzat; eta horrekin batera, gero eta aberastasun handiagoa gutxi batzuentzat.

Langabeziaren ehuneko altuak, elikagaien prezioen igoerak, baliabideen aldeko borroka inperialistek, pribatizazioek, transnazionalek eta inbertsio funtsen erokeriak etekinen bila kosta ala kosta, errepresioak eta harresiek, eskubide sozialen desagerpenak,…besteak beste, oinarrizko eskubide sozialen zanpaketa ekartzeaz gain, hobeto bizitzeko helburua, norberak nahi duen tokian, erabat ukatu egiten dute.

Milaka migrante Europan zehar, eta Euskal Herrian ere, osasun eta prestazio sozialik gabe bizi dira, edo prestaziorik gabe geratzeko mehatxupean daude beste jatorria izateagatik. Askotan, atxikituak edo deportatuak dira bere azaleko kolorea dela eta, edo kalean hiltzen dira edo kriminalizazioa, arbuioa edo gorrotoa pairatzen dute. Pobreziara, lan beltzera eta esplotaziorik gordinera kondenatzeaz gain, badira erabili nahi dituenak justifikatzeko eskubide sozialen likidazioa, nahiz eta leporaino ustelkerian lokaztuta egon. 

Ehundaka lagun itota hiltzen dira Europako harresia gainditu ezinik, guda eta miseriatik alde egiten dutenean. Eta horrela, zerrenda luze bat osa genezake munduan barna egunero gertatzen den indarkeria, oinazea eta sufrimenduarekin. Ahaztu gabe Euskal Herritik milaka gaztek alde egin behar izan dutela, prekarietatea eta deserrotzea gogoz kontra aukeratzera behartuta, gure herrian egoteko aukerarik ez dutelako

Abenduaren 18 honetan, LAB-ek ondokoa adierazi nahi du:

• Egungo orden ekonomikoa eta politikoa miloika lagun deserrotzera, prekarizaziora eta heriotzara kondenatzen ari da, gudak, interbentzioak, natur baliabideen lapurketa, esplotazioa eta gutxiengo baten irabazteko grinaren ondorioz.
• Europako gobernuen migrazioaren aurkako politiken arbuioa. Politika hauek errepresioa, kriminalizazioa, bazterketa, jazarpena, atxiloketa guneak, xaflak eta arrazakeria baino ez dituzte ekarri. Politika hauetan pertsonek ez dute tokirik: paperik gabe, etxerik gabe, eskubiderik gabe.
• Egoera hau onartezina da, pertsonak botere politiko eta ekonomikoen pieza huts bihurtzen gaituelako. Beraz, ezinbestekoa da eredu sozial berri bat pertsona guztien eskubideak onartuak izan daitezen.
• Euskal Herria denon artean eraiki beharra dago. Gure herrian bizi diren pertsona guztien parte hartze politiko eta soziala sustatu eta bermatu beharra dago, aniztasuna eta elkar ezagutza gure ekintzetan bilduz, beti ere, eredu sozial eta politiko berriaren alde. Denon borroka eta mobilizazioak ahalbidetu behar gaitu Euskal Herrian, erabakitzeko gaitasuna eta tresnak lor ditzagun, bertan bizi eta lan egiten dugun guztientzat eskubide ekonomikoak, sozialak, hizkuntzazkoak eta kulturalak onartuak izan daitezen. 
• Pertsona migranteen eskubideen onarpena 365 eguneko betebeharra da, 365 egun egoera politiko eta sozial injustua eraldatzeko, pertsonen eta herrien erabakitzeko eskubidea ukatu egiten duena. 365 eguneko zeregina, non Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Karta, inor baztertu gabe, aukera ezin hobea da lan kolektibo honetarako.
 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...