2024-05-04
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakLAB Funtzio Publikoko mahaitik altxa da eztabaida prozesurako bermerik ez dagoelako

LAB Funtzio Publikoko mahaitik altxa da eztabaida prozesurako bermerik ez dagoelako

LABek langile publiko langileei iruzurrik ez egitea eta Enplegu Publikoaren lege propioa, parte hartzailea eta demokratikoa eskatzen du.

Langile publikooi iruzurrik ez!
Enplegu Publikoaren lege propioa, parte hartzailea eta demokratikoa

Atzo, hilak 5, EAEko Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko deialdia burutu zen. Gai ordenean puntu bakarra: Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aurreproiektuaren eztabaida. Gogoratu behar dugu irailaren 11ean Jaurlaritzak beste deialdi bat egin zuela aurreproiektuaren aurkezpenerako. Bertan aurreproiektu honekin gauzatu nahi dituen aldaketa nagusien nondik norakoak azaldu zizkiguten.

Atzoko bileraren hasieran ordezkaritza dugun lau sindikatu nagusiok parte hartu dugu. LABek helburu nagusia finkatu zion gaurko bilerari: argitzea aurretik alde bakarrez finkatutako baldintzapenik gabeko eztabaida eta negoziazio prozesuari heltzeko borondatea duen Jaurlaritzak; beti ere, prozesu horren erreferente nagusia herri honek behar duen enplegu publikoaren definizioa izanik. Hau da, LABentzat gaurkoa ez litzateke negoziaziorako bilera bat, baizik eta negoziazio hori gauzatzeko beharrezkoak diren gutxieneko baldintzak dauden argitzeko bilera.

Baina Andres Zearreta Sailburuak argi utzi du eztabaida hori era bikoitz batean baldintzatuta gauzatu nahi dutela: batetik, Estatutik azken urteetan oinarrizko araudiak utzitako joko zelai erabat mugatuaren barruan eman nahi dutela baieztatu dute; eta bestetik, eztabaida honetan egiten diren ekarpenetatik zeintzuk onartu eta zeintzuk baztertu beraien esku dagoelarik, eztabaidaren ondorioz hurrengo bileran aurkeztuko duten behin betiko testuak gehiengo sindikalaren babesa jaso ezean ere, ez du hitzik ematen tramitazioa bertan behera utziko dutenik, eta beraz, babes sindikal nahikorik gabeko testua Gobernu Batzordera eta honen ondoren Legebiltzarrera eramango ez dutenik. Zentzu honetan, LABek ez du ez gaitasunik, ezta borondaterik antzematen sakoneko eztabaidak emateko.

Estatu mailan PPk planteatzen duen oinarrizko araudia, erkidego autonomoan nola egokitu baino ez du buruan PNVk une honetan. Esandakoei erreparatu ezkero, EBEP delakoaren garapena ez dela baizik eta lege propioa dela diotenean, EBEP beraren euskal bertsio bat negoziatu nahi dutenaz konturatu gaitezke. Errealista ez den ariketa egitea leporatu zaigu, baina gure ustez errealista ez dena da bertako errealitateari egokitutako eta bertako gehiengo sozial eta sindikalak aldarrikatutako funtzio publikoaren moduko legea egin dezakegunik uste izatea, Espainiako funtzio publikoaren oinarrizko legea aintzat hartuz.

Gainera aurreproiektuak jasotzen dituen lerro nagusiak, LABek egin nahi duen sakoneko eztabaida horretan planteatuko lukeenaren kontrako norabidean kokatzen dira:

Enpresa eremuan nagusitu nahi den kudeaketa eredua Zuzendaritza Publiko Profesionalaren irudi berriaren bitartez eremu publikoan txertatzea.

Enpresa eremuan ere Lan Erreformak planteatzen dituen EEEi esparru publikoan bide ematea.

Soldataren banaketa arbitrarioagoa eta desorekatuagoa bermatuko lituzkeen karrera profesional eredua eta jardunaren ebaluazioa ezartzea. Honek ekarriko dituen adiskidekeria eta menpekotasun jarreren sustatzearekin, eta protesta jarreren zigortzearekin.

Negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratzeko bermerik ez.

Langile eta jendarte sektoreen parte hartzea ekiditea.

Gauzak horrela, LABek Mahaitik altxatzea erabaki du, bermeak eta sakontasun nahikoa izango duen eztabaida prozesua gauzatzeko baldintzarik ez duelako ikusten.

Gainera, gogora ekarri nahi dugu PNVk Jaurlaritzan sartu zenetik, Mahai Orokorra azken urteetako murrizketa basatienei kobertura ematen saiatzeko baino ez duela erabili nahi izan, 35 orduko lan astearen lorpen historikoaren aldebakarreko atzera botatzearekin egin bezala. Jada urteak daramazkigu Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean negoziazio errealik izan gabe. Horregatik, lan-astearen luzapenaren erabakiaren aurrean, sindikatu guztiok bertatik altxatzea erabaki genuen. Ordutik hona, Estatu mailako sindikatuak mahaira bueltatu badira ere, ulertezina deritzogu ELA erakusten ari den jarrerari. 200dik gora alegazio partzial aurkeztuta Jaurlaritzak planteatzen duen eztabaida mugatu eta interesatu horretan parte hartzeko jarrera erakutsi du. Eremu pribatuan, negoziazio errealerako baldintzarik ez dagoenez, elkarrizketa sozialaren mahaian parte hartzeari uko egiten dioten bitartean, PNVk eskainitako sasi-negoziazio honetan alegazio partzialen eztabaidari heltzeak ez du inongo zentzurik. Aburtoren elkarrizketa sozialaren mahaia ez al da Zearretaren Mahai Orokorra eremu publikoan? Batean bilatzen duten kobertura soziala ez al da bestean ere bilatzen ari direna?

Zentzu honetan, ELAri horrelako prozesuei alegazio partzialen prozeduraren bitartez babesik ez emateko deia luzatzen diogu berriro.

LABek, aurreproiektu honen edukiak eta PNV Jaurlaritzan erakusten ari den borondate negoziatzaile eza salatzeko, mobilizazio dinamika bati helduko dio hurrengo asteetan instituzio publiko guztietan, bai Eusko Jaurlaritzaren menpekoetan, baita aldundi eta udaletan ere.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.