2024-05-02
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakKontratazioen gardentasuna, elebitasunaren finkatzearen hasiera eta langileriaren egitura sindikatuekin negoziatzea bermatzen duen...

Kontratazioen gardentasuna, elebitasunaren finkatzearen hasiera eta langileriaren egitura sindikatuekin negoziatzea bermatzen duen akordio sinatu da Eusko Irratian

Atzoko EITBko Administrazio Kontseiluaren bileran Eusko Irratian aspalditik eman den irregulartasun bat konpontzeko bidea onartu zen EAJ, EHBILDU, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariekin batera LABen aldeko botoekin. LABek hiru arrazoi nagusi izan ditu kontutan sinatzerako orduan: kontratazio finko eta ebentuala era objektibo eta gardenaz egingo delako, irrati guztietan elebitasuna finkatzen hasten delako eta irratiaren egiturako langileria sindikatuekin negoziatzea bermatzen delako dagoeneko 49 lanpostu finko bihurtuz.

Kontratazioa era objektibo eta gardenaz egingo da
Gogoratu beharra dago bidegabekeria guztia Andoni Ortuzar EITBko Zuzendari Nagusia zenean sortu zela. Eusko Irratian aurrekontu langileria gainditzen zela eta, behin behineko lan kontratua zuten 126 langileri autonomo gisa kontratatzea erabaki zela. 2008an Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzak Radio Euskadin iruzurra antzeman eta langile hauei berriro lan kontratua egitera derrigortu zuela EITB. Iruzurra dela medio, kontratu guztiak “mugagabe ez finko” izan behar ziren halabeharrez. Kontutan eduki beharra dago legez enpresa publiko batean lanpostu finkoa eskuratzeko berdintasun, gaitasun, merezimendu eta publizitatearen lau printzipioak bete behar direla, eta kasu honetan legearen atal horrekin ados gaude. Beraz, kontratu hauek guztiak behin-behinekoak izan dira beti, eta egun 79 pertsona daude egoera horretan.

Akordioaren arabera, aipatu lau printzipioak bermatuko dira, orain arte ez bezala. Lan poltsa objektiboak ezin izan du funtzionatu hain zuzen kontratazio hau zegoelako eginda. Behin behineko langileak kontratatzeko garaian lan poltsa berraktibatu egingo da, jada era praktiko batean.

Irrati guztietan elebitasuna finkatzen hasiko da
Orain arte Radio Euskadin eta Gasteiz Irratian lanpostua eskuratzeko baldintzetan ez zen euskararen ezagutza eskatzen. 2008ko lan hitzarmenaren akordioan Euskara Plana abiatzea onartu zen, eta iaz sinatzea lortu genuen langileon ordezkariok eta zuzendaritzak. Gaurko akordioaren arabera, bai lanpostu finkoa zein lan poltsan egoteko euskararen ezagutza ezinbestekoa izango da, eta aurrerapauso garrantzitsua da. 2014 urtean oraindik ere euskal komunikabide publiko batean eskakizun hori ez egotea ulergaitza da.

Irratiaren egiturako langileria sindikatuekin negoziatzea bermatzen da
2014ko aurrekontuetan EITB talde osoaren batez besteko langileriatik 39 lanpostu murriztea aurreikusten zen. Administrazio Kontseiluak atzera bota bazituen ere, Zuzendaritzak Jaurlaritzara igorri zituen, eta Gasteizko Parlamentuan onartuak izan ziren. Ez dira 79 lanpostu desagertzen, 49 finko bihurtzen dira, eta kontratazio ebentuala egiten jarraituko da. Akordioaren bitartez Eusko Irratian 49 lanpostu finko sortzen badira ere, garrantzitsuena hau da: Zuzendaritzak konpromisoa hartzen duela prozesuaren amaieran, 2016an, langileen ordezkariekin egiturako langileria berria negoziatu eta adosteko.

LABek akordio hau borroka orokorrago batean kokatzen du, enplegu publikoaren defentsan modu koherente eta arduratsuan. Akordio ezak egoera bidegabea betikotzea suposa dezake, lanpostu murrizketekin eta aipatutako lorpenak gabe. EITBNETen egituraren negoziazioa aurrera doa, eta emaitzak bere isla edukiko du bai ala bai aurrekontu langilerian. Baita ETBn ere, non hitzarmenaren negoziazioaren gako nagusia egiturako langilerian kokatu dugun hain zuzen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.