2024-05-04
HomeOharrakIndustriaLAB: “Euskal langileon eskubideak defendatzeko modua badago, Akordio Marko Sektoriala da alternatiba”

LAB: “Euskal langileon eskubideak defendatzeko modua badago, Akordio Marko Sektoriala da alternatiba”

Herrialdeko hitzarmenen biziraun dezaten negoziazio kolektiboaren berezko eremuaren defentsan indarrak batzeko deia egin die LABek beste sindikatuei; patronalari ere deia, zein joko zelaitan jokatu nahi duten argitu dezaten.
Gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan mobilizazioak egin ditu LABek, metaleko negoziazio mahaietan ematen ari den blokeoa salatzeko. Patronalen papera salatu nahi dugu, gatazka luzatu eta oztopatzeko jarrera baitute. Erreformek eskaintzen dizkieten trikimailuak aprobetxatu nahi dituzte eta, horregatik, ez dute presarik akordioetara iristeko. Langileon eskubideak mugatzeko, murrizteko eta kentzeko erabili nahi dituzte, gaineratuz eta argudiatuz ilegala dela erreformen kontra joatea.

Hala ere, LABetik ozen salatu nahi dugu gezurretan ari direla hori diotenean, alternatiba badagoela, behin eta berriz aipatu dugun bezala. Euskal langileen interesak defendatzeko modua badago, alternatiba badago, Akordio Marko Sektoriala da alternatiba, gure negoziazio kolektiboa blindatzen duten akordioetara iristea posible egiten duen legezko tresna, estatuko hitzarmenen gainetik, herrialdeko hitzarmenak defendatuz eta lehenetsiz.

Etorkizuneko erreformen aurrean negoziazio kolektiboa, hemen Euskal Herrian, erabakitzen dela bermatzen du Akordio Marko Sektoriala; estatutik iristen diren inposaketen aurrean herrialdeko hitzarmenak blindatzeko tresna, beti egin dugun moduan, herrialdeko hitzarmen bakoitzak (hitzarmen probintziala) bere baldintza laboralak arautzea ahalbidetzea bermatu behar duen tresna.

Euskal Herriko metal arloko herrialdeko hitzarmen sektorialak estatu mailako hitzarmen onenak badira, bi arrazoi nagusirengatik da: hemen burututako negoziazioaren fruitu direlako eta hemengo beharrei erantzuteko eginda daudelako. Hori da blindatu nahi eta behar duguna, gure hitzarmenak inolako kanpo eskuhartzerik gabe negoziatzeko gure ahalmena.

Baina horretarako borondatea behar da eta euskal ugazabek zein joko zelaitan jokatzen duten erabaki behar dute. Estatuko eremuetan, hemengo enpresekin zein langileekin zerikusirik gabeko zelaian, erreformak ematen dien eskuduntzak aprobetxatuz, desarautuz eta gatazkatsua den egoera batera eramanez, ala aitzitik, Akordio Marko Sektorialaren bitartez, negoziazio kolektiboari zein lan harremanetako euskal marko egonkor bat gauzatuz, euskal herriko errealitate zein beharretara egokitua, euskal langileon interesei erantzungo diena, herrialdeko hitzarmenetako negoziazio-mahaiak desblokeatuz.

Publikoki elkarrizketa sozialaren alde daudela dioten horiek beren lan harremanetarako eta negoziazio kolektiboko eredua inposatu nahi digute ugazaben interesei erantzuten dien lan baldintzak ezarriz, hitzarmen kolektiboak gomendio hutsean utziz, enpresek lan baldintzak okertzeko modua eduki dezaten.

Inposatze-ereduaren aldeko apustua egiten badute, erremediorik gabe, sektoreko borroka piztuko dutela jakin behar dute. LAB ez da geldirik edo mutu geratuko, urteetako borrokaz lortutako eskubideak nola galtzen ditugun ikusiz. Ez dugu negoziazio kolektiboaren desarautzea oparituko. Ez dugu onartuko hainbeste urteko borrokaren ondoren lortutako eskubideak lapurtzea. Horregatik, gainerako sindikatuei dei egiten diegu negoziazio kolektiboko euskal esparrua defendatu dezaten, gure herrialdeko hitzarmenak defenda ditzaten, hau baita sektore osoko langileen lan baldintzak, ordain-sariak etab. ziurtatzeko modu bakarra haien lantokietan ordezkaritza sindikala edo enpresako akordioa izan edo ez.

Orain bi urte Gipuzkoan izandako esperientziak erakusten duen moduan, hitzarmenaren aldeko zazpi eguneko greba ostean enpresaburuak gelditzeko gai garela erakutsi genuen. LABentzat hor dago batasun sindikalaren balioa. Euskal langileok orain arte ezagutu ez dugun eraso basati baten aurrean gaude eta honek sindikatuok beharrezkoa den mailan eta neurrian egotera behartzen gaitu; funtsezko eskubideen defentsan elkartzeko eta batzeko gai izan behar gara, herrialdeko hitzarmenen bizirautea eta negoziazio kolektiboaren berezko eremuaren defentsan elkartzeko gai izan behar dugu. Sektoreko langileek ez lukete ulertuko gaur egungo egoera larri honen aurrean sindikatuok ez batzea. Ezin diegu huts egin.

Euskal Herrian, 2012ko uztailaren 5ean

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.