2026-03-19
HomeErrepresioaHainbat eragilek 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei babesa erakutsi diegu

Hainbat eragilek 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei babesa erakutsi diegu

Agerraldi bat egin dugu Bilbon, hainbat eragiletako ordezkarirekin batera, 11/13 makrosumarioan auzipetutako 47 herritarrei babesa emateko eta epaiketaren aurkako manifestua aurkezteko. Sinatzaileok irailaren 14ko manifestazioarekin egin dugu bat.

Hauxe da agerraldian aurkeztutako manifestua:

Irtenbidera, etorkizuna askatu

47 euskal herritar epaituak izango dira datorren irailetik aurrera eta, guztira, 601 urtetako zigor eskaerari aurre egin beharko diote. Gertakizun larri honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:

47 euskal herritarrak eta beraien jarduerak zigortu nahi dituen epaiketa hau, lehen bezala orain, lekuz kanpo, garaiz kanpo eta euskal jendartearen bake eta justizia nahietatik kanpo dagoela salatzen dugu.

Euskal jendarteak aurrera egin nahi du eta etorkizunari behar bezala ekiteko iraganeko zauriak ixtea eta korapiloak askatzea ezinbestekoa da. Ez ditugu kate berriak asmatu behar eta ez dugu gehiago estutuko gaituen korapilorik nahi. Ez dugu bidean harri berririk behar, ez dugu min eta zauri berririk irekitzerik nahi. Zalantzarik gabe, konponbideari begira dagoen herria da hau, aurrera egiten ari den herria, eta ez gaude prest atzera eraman nahi gaituen egoerarik onartzeko.

Elkarbizitza, bakea eta justizia jendarte ororen altxor preziatua dira, baita gurea ere. Euskal jendartearen nahi horri erantzun behar diogu eta gatazka logika batean asmatutako eta abian jarritako prozedurak eten behar ditugu, eraikitzen ari garen orainaldia kutsatu ez dezaten.

Jendarte berri bat eraiki nahi dugu, sinistuta baikaude urteotan garatu ditugun baloreak eta eskubideekiko sentsibilitatea izango direla bestelako herri bat sortzeko zimendua: norbanakoen giza eskubideak, eskubide kolektiboak, elkartasuna, enpatia eta elkar bizitza. Etorkizuna guztion artean, elkarrizketaren bidez eta eskubide ororen errespetoan oinarrituta eraiki behar dugun etxea da eta guztiok gara ezinbestekoak, guztiok elkarrekin bizi behar dugun etxea baita.

Horregatik, hau sinatzen dugunok ez gara epaituak izango diren 47 lagun hoiengatik soilik ari. Euskal Herrian bizi garen norbanako, eragile eta erakunde guztiok osatzen dugun euskal jendarte zabal eta anitzak hartutako bidean aurrera egiten jarraitu dezan ari gara. Horregatik honakoaren bitartez, epaiketa hau salatzeaz gain irailaren 14 manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu.

Bihur dezagun iraganera eraman nahi gaituen epaiketa hau etorkizunerako ate. Irten bidera. Askatu dezagun etorkizuna, guztion erronka da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.