Ostiral honetan, martxoaren 22an, Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziaketa mahaia osatzeko bilera egingo da. Hitzarmen honek 15 urte daramatza berritu gabe. LABen ideiak argi ditugu, ezinbestekoa da azken 15 urteetan sektoreko langileek galdutako eros ahalmena berreskuratzea eta lanaldia jaistea. Bi puntu hauek izango dira LABen helburu nagusiak.
Pasa den martxoaren 8an jakinarazi zigun Sidenor enpresako zuzendaritzak Azkoitiko eta Reinosako lan-zentroetan produkzio eta organizazio arrazoiengatiko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) bat martxan jartzeko asmoa zuela. Martxoaren 14an izan genuen negoziazio batzordea sortzeko eta dokumentazioa jasotzeko bilera.
Gaur, LABek deituta, ehunka lagunek Sestaoko kaleak hartuko dituzte, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileentzat etorkizun duina aldarrikatzeko. Langileon lan eta bizi baldintzak borrokatzeko. Izan ere, bada denbora bat EAJk eta PSOEk Ezkerraldea zein Meatzaldea desindustrializatzeko estrategia martxan jarri zutela: ehun industriala suntsitu eta, trukean, zerbitzuen sektorea ezarri, logistikaren eta biltegiratzearen mesedetan.