2024-09-20
HomeFederazioakZerbitzu Publikoak"Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako"

“Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako”

Manifestazioa egin dugu gaur Bilbon, Gobernu Ordezkaritzatik Sabin Etxeraino, zerbitzu publikoen defentsan. Hain zuzen ere, lan baldintzak eta kalitateko zerbitzu publikoen alde urratsak eman behar direla nabarmendu dugu, langileekiko zorra ordaindu, enplegua egonkortu eta berton erabakitzeko.

Manifestazioan zehar ugariak izan dira zerbitzu publikoen aldeko oihuak eta EAJk PPrekiko duen menpekotasunaren ingurukoak.

Amaieran, EAJren egoitza nagusiaren aurrean, Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik hartu du hitza, eta adierazi du mobilizazioa beharrezkoa izan dela EAJren benetako aurpegia ikustarazteko. Ohartarazi du estatalizazio, zentralizazio edo espainolizazioaren arazoa dela euskal langileok egun dugun arazorik larrienetakoa, baita sektore publikoan ere.

Berasategiren hitzetan, "EAJ ez omen dago ados Madrilgo murrizketekin, baina bete egiten ditu. Zerbitzu publikoak ahultzea da euren helburua".

Adierazi du CCOO, UGT eta administrazioak Madrilen sinatutako akordioak hemen ez duela ezertarako balio, zeharo desberdina baita hemengo errealitatea: “Hemengo pobrezia dakar Madrilgo akordioak”. Eta galdera bat luzatu du, dagokion erantzunarekin: "Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.