2026-08-01
HomeLAB SindikatuaSozio-EkonomiaG7aren gailurraren aurka mobilizatzeko plataforma bat sortu dugu hainbat eragilek, beste mundu...

G7aren gailurraren aurka mobilizatzeko plataforma bat sortu dugu hainbat eragilek, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa dela aldarrikatuta

Kapitalismoaren defendatzaileen presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa emango diogu 2019ko abuztuan Biarritzen egingo duten gailurraren harira.

“G7 EZ! EH-tik beste mundu bat sortzen” Euskal Herriko plataforma aurkeztu dugu gaur Biarritzen, komunikabideen aurrean. Hain zuzen ere, plataforma hau 2019ko abuztuan Biarritzen bertan egingo duten G7aren gailurraren harira sortu dugu hainbat eragilek, LABek barne, kapitalismoak irudikatzen duen mundua errotik aldatzea beharrezkoa delako. Horregatik, gailurraren kontra mobilizatzera goazela iragarri dugu gaur, beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa delako, eta Euskal Herritik ere norabide horretan ekarpena egitea dagokigulako. Zentzu honetan, G7aren presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa emango diogu.

Hala, deialdi honekin bat egiten duten eragile guztiak gonbidatzen ditugu plataforman integratzera eta dei egiten diegu hemengo nahiz kanpoko herritar guztiei mobiliza daitezen, 2019ko abuztuko G7aren kontra ahal bezainbat indar bil ditzagun.

G7ak mendebaldeko zazpi potentzia ekonomikoak elkartzen ditu: AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Kanada. G7ko gailurrak potentzia horien nagusitasunaren ikur dira, kapitalismoaren interesen araberako konpromisoak bideratzeko egin ohi dituztelako. Konpromiso horien bitartez erabakitzen dira beste herriei inposatzen zaizkien ekonomia eta finantza politikak.

2019ko gailurrak berezitasun garrantzitsu bat izango du: Euskal Herrian izango dela; hots, kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituta eta bizirik dauden lurralde batean. Horrenbestez, beste eredu batzuk babesteko eta beste aterabide batzuk eraikitzeko mobilizatuko gara, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.