2026-10-28
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaLanbideko langileek lan duinaren eta zerbitzu publikoaren alde irten dira kalera

Lanbideko langileek lan duinaren eta zerbitzu publikoaren alde irten dira kalera

Lanbideko langileak Gasteiz, Bilbo eta Donostian mobilizatu ziren atzo lan duinaren alde eta zerbitzu publiko baten alde. Lanbideko ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuentzat kalitatezko zerbitzu publikoaren alde borrokatzea inoiz baino garrantzitsuagoa da eta bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi zuten.

Eusko Jaurlaritzak negoziazio prozesuan hartutako jarrera itxia eta zerbitzu publikoaren kudeaketa negargarria izaten ari dela salatu dute sindikatuek. Mobilizaziorako arrazoiak asko direla azpimarratu dute, besteak beste, soldatetan ematen ari den jaitsiera, nahitaezko lanpostu lekualdaketak, formazio zentroen desagerpena eta aldi bateko langileak kanporatzea… 

ELA, LAB, CCOO eta UGTren irakurketa
Lanbide BORROKAN!! ZERBITZU PUBLIKOAREN DEFENTSAN!!

Enplegu Publikoaren Euskal Zerbitzua, LANBIDE, martxan hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak Zerbitzu publiko honen kudeaketa negargarria egin du.

Lanbideko zuzendaritzak erakundeko lanpostuen-zerrenda aurkeztu zuen iaz, bertan jasotzen dira funtzionamendurako beharrezko den lanpostu kopurua eta lanpostu horien baldintzak. Negoziazio prozesuan gobernua mantentzen ari den jarrera itxiak langileak eraman ditu lantokietan asteroko elkarretaratzeak, lan uzteak eta 6 greba egun egitera.

Langileak mobilizatzeko arrazoiak honakoak dira:

• Administrazioaren proposamenak dakartza soldata jaitsierak, lantokiaren herria aldatzea dakarren bulego batetik besterako derrigorrezko mugimenduak, “behatzez” lanpostuak jabetzan ematea, aldi baterako langileen lan-kontratua etetea bereziki Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DBE) eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarriarekin (EPO) harremana duten zerbitzuengan kaltea eragingo dutenak, eta zerbitzuen pribatizazioa. Guzti honek Lanbidek eskaintzen duen zerbitzuaren hondatzea dakar eta zuzenean egingo die kalte herritarrei.
• Eusko Jaurlaritzak gobernu espainiarraren erreforma atzerakoiak ezartzen ditu, langileen lan-baldintzak okertuz eta Zerbitzu publikoa degradatuz.

• Hedabideak herritarroi ezkutatzen ari zaizkigu Lanbiden dagoen egoera jasanezina eta, halaber, langileek aurrera daramatzaten mobilizazioak eta horien arrazoiak.

Gainera, zenbait alderdi politikok Lanbide bihurtu dute guztiak balio duen borroka politikorako gune, demagogiarik xenofoboenetik hasi eta langileenganako erabateko errespetu falta adierazteraino, prestazio sozialak, lanerako orientazioa eta formazioa bezalako gai sentsibleak kudeatuko dituen kalitatezko zerbitzu publikoa bermatu beharrean.

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.