2026-10-28
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzaren pribatizazioen aurka egin dugu protesta

Osakidetzaren pribatizazioen aurka egin dugu protesta

Elkarretaratzeak egin ditugu gaur Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Hain zuzen ere, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuak Osakidetzan ematen ari diren pribatizazioen kontrako kanpainan bete-betean gaude, osasun-arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen ari direla salatzeko helburuarekin.

Osakidetzako zuzendari Maria Jesus Mugikaren hitzak dira erakundearen negozioa osasuna dela. Hitz horiek bete-betean azaltzen dute Osakidetza zuzentzen ari direnen filosofia, osasuna negozio iturri nahi dute. Iturri emankorra, baita bertan aritzen diren enpresentzat. Hona hemen hiru adibide:

-Garbialdi: azken hiru urteetan 1.518.797 eurotako irabaziak izan ditu. Garbialdik Osakidetzarentzat 30 milioi eurotik gorako gastua suposatzen du.

-IMQ Zorrozaurre: azken hiru urteetan 8.895.937 eurotako irabaziak izan ditu.

-Mapfre: Estatu mailan 1.148.310.000 eurotako irabaziak izan ditu.

Negozioa zabaltzen dute gizartearen osasun arretaren eta langileen lan-balditzen kaltetan. Osasun publikoa narriatzen duten neurrian handitzen da enpresa pribatuen negozioa. Noizko sindikatuok neurri hauek hartzea justifikatzen duten txostenak publiko egitea?

Eta, gainera, jendaurrean pribatizaziorik egiten ez dutela diote. Sindikatuokin sinaturik dute ez dutela zerbitzu berririk pribatizatuko, baina, Urdulizko Ospitalearen ondoren, Lezako garbitegiaren pribatizazioa dator.

Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontu proiektua argitaratu du. Aurrekontuei buruzko eztabaida oso momentu egokia da Osakidetzak enpresa pribatuei bideraturiko 350 milioi euroak berrikusteko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egiten diogu euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute Ernaik eta LABek.

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.