2026-11-04
HomeEkintza Politikoa"Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko"

“Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko”

LABek SEPE zebitzuaren aurka salaketa jarri du, prebarikazio delitu bat leporatuta, kartzelatik irtetzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatzeagatik.

"Gaur salatutako hau beste adibide bat da aspalditik esaten ari garenari buruz: Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko eta gatazka konpontzeko; mendekua du oinarri eta, horrenbestez, gatazkaren logika elikatzen ari da". 

LABeko Exekutiboko kide Arantzi Sarasolaren hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak SEPEren aurka jarritako salaketaren berri emateko agertu dira komunikabideen aurrean, Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzuek kartzelatik ateratzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatu eta gero. Prebarikazio delituagatik jo du epaitegietara LABek.

Salaketak SEPEko Bizkaiko Probintzi Idazkaria izango du jomuga, baina eduki eta izaera bereko ebazpenak hartu dituzten edo har ditzaketenen kontra ere egingo du sindikatuak; beste Probintzi Idazkari zein SEPEren erabakiaren jatorrian leudekeen funtzionario edo autoritate orori zabaldu litezke salaketak, bai ebazpen horien izapidetzan beharrezko laguntza edo sostengua emateagatik edo berrikusteko duten legezko betebeharra ez betetzeagatik.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak SEPEren jokabidearen kontra ebatzi du; hala ere, diru laguntzak ukatzen jarraitu du Bizkaiko idazkariak. LABeko ordezkariek jakinarazitakoaren arabera, idazkariarekin jarri dira harremanetan, eta jaso duten argibide bakarra "Madrildik datozen aginduak" betetzen ari dela izan da.

Arantzi Sarasolaren arabera, SEPEk aurrera eramandako halako erabaki bat ez da Estatuaren babesik gabe hartzen: "Ezin dugu ezer ere espero Estatu espainoletik, ezta estatu frantsesetik ere. Euskal eragileon gaitasunari esker lortuko dugu gatazkaren konponbide osoa. Era berean, mobilizatzeko dugun gaitasuna giltzarria izango da presoak etxera ekartzeko eta euren eskubide guztiak errespetatzeko".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.