2024-05-09
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaInfanta Elena zentroko langileak mobilizatu egin dira beren lan-baldintzak okerragotzearen kontra

Infanta Elena zentroko langileak mobilizatu egin dira beren lan-baldintzak okerragotzearen kontra

Desgaitasunen bat izanda arreta integrala behar duten pertsonak artatzen dituen Infanta Elena zentroko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Cordovillako (Nafarroa) lantokiaren ondoan, protesta egiteko zenbait langileri lanaldia aldatu nahi dietelako -eta gutxiago ordaindu-, erizaintzako zuzeneko arretako orduak murriztu nahi dituztelako eta bertze langile askori ez dietelako antzinatasunik aitortzen nahiz eta lanean 15 urte baino gehiago daramatzaten. Infanta Elena Nafarroako Gobernuarekin itundutako zentroa da.

Kontzentrazioa Enpresa Batzordeak deitu du aho batez (UGTko 4, LABeko 3, CCOOko 1 eta ELAko 1), eta balio izan du langileek beren haserrea adieraz dezaten une honetan bizi duten egoera dela-eta. “Onartezina da, eta argi utzi nahi dugu ez dugula atzerapauso bat ere emanen gure lan-eskubideetan, eta behar den lekuraino ailegatuko garela aldaketa hori gauzatu ez dadin eta gure eskubideak onar daitezen”, adierazi du Batzordeak komunikatu batean.

Esleipenaren baldintza-agiriak argitaratu ondoren, Infanta Elena zentroko bi langileri ordu lanaldia aldatu nahi diete, eta hori okerragoa izanen da beraiendako, gutxiago ordainduko baitiete (urtean 800 eta 1.100 euro artean gal ditzakete). Enpresa Batzordeak ez du onartzen lan baldintzen funtsezko aldaketa hori, eta Grupo5 enpresari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die aldaketa hori atzera botatzeko eta zuzentzeko.

Bertzalde, langile talde handi bat aspalditik eskatzen ari da benetako antzinatasuna onartzeko, baina ez zaio erantzunik eman. Batzordeak hilabeteak daramatza Grupo5 enpresari eskatzen bere betebeharrak betetzeko eta langileen eskubideak errespetatzeko. “Batzorde gisa, egoera hori konpontzeko eskatzen dugu, nomina dagokienarekin erregularizatzeko eta dagozkien atzerapenak ordaintzeko”, azaldu du Batzordeak komunikatuan. “Lotsagarria da zentro honetan batez bertze 15 urte baino gehiago lanean aritzea eta enpresak ez aitortzea”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Mecaner herriarentzat: sozialki eta ekologikoki justua izango den industriaren alde

Irailaren lehenarekin batera, Stellantis multinazionalak gure eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei. Borroka hilabeteak izan dira ondorengoak.