2024-09-20
HomeEkintza SindikalaJaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Jaso Tower Craneseko langileek greban jarraitzen dute

Zuzendaritzaren borondate falta dela eta, greba eta mobilizazioen bideari jarraitu beste irtenbiderik gabe daude langileak. Gaurkoa bosgarren greba eguna izan dute, eta manifestazioa egin dute Idiazabalen barrena. Datorren asteartean (hilak 24) berrekingo diete lanuzteei, ostiralera arteko greba dagoelarik aurreikusita.

Joan den asteko bi greba egunen ondotik, hitz egitera ere eseri nahi ez zuen Zuzendaritza mahaiaren bueltan jarri da azkenean. Ordea, langileen ordezkariei oso kezkagarria eta arduragabea iruditu zaie erakutsi duen jarrera, ez baitu akordio posible baterako edukietan sartzeko asmorik erakutsi. Enpresak ez du negoziatu nahi eginiko zortzi kaleratzeen gainean, eta Jasoko enpleguaren etorkizunarekiko neurriak exijitzean, hitz politez harago, konpromezu konkretuei dagokienez ezer gutxi jarri du mahai gainean.

Zentzu honetan, langileek greba eta mobilizazioen bidea ere probestu nahi izan dute enpresari jarrera aldatu eta egoera konpontzeko borondatea izan dezan eskatzeko. Izan ere, gaur-gaurkoz ez daukate beste bilera baterako datarik ere.

Bada, enpresa batzordeak Jasoko langileak zoriondu nahi izan ditu borroka ekimen hauetan erakutsitako jarrera irmoagatik, grebaren jarraipena ia erabatekoa izaten ari baita.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.