2024-05-08
HomeEkintza SindikalaBidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai...

Bidegabeko kaleratze batean eragindako kalteak aitortu eta kalte-ordain gehigarria onartzen duen epai aitzindaria lortu dugu

LABek Eibarko Lan-Arloko Epaitegian irabazitako sententzia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai horrek, kaleratzea bidegabetzat jo eta Eibarko Udala kondenatu zuen langilea bere lanpostuan berriro hartzera edo legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina ematera, sortutako kalte-galerengatik 30.000 euroko konpentsazio osagarria gehituta.

Auzitegiak onartu du bidegabeko kaleratzeari legez dagokion 493,49 euroko kalte-ordaina “ez dela egokia jasandako kalterako”, eta, hala, Eibarko epaitegiak emandako epaia berretsi du. Epai horren arabera, udalak 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio langileari, baldin eta berriro onartzen ez badu.

Udalak epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta 493,49 euroko kalte-ordaina ordaintzera mugatzea eskatu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du eskaera, LABek irabazitako epaia berretsiz. Aitortzen da, kasu honetan, ezin direla jasandako kalteak legez tasatutako kalte-ordainaren bitartez behar bezala ordaindu.

Langileak kontratu mugagabe batekin egiten zuen lan enpresa batentzat, eta udalaren lan-poltsa batean ere bazegoen, hautaketa prozesua batean parte hartu ondoren.

2023ko martxoaren 9an urtebeteko gutxieneko iraupena izango zuen lan eskaintza egin zion udalak, eta onartu egin zuen, enpresarekin zeukan kontratu mugagabeari uko eginez. Lan harremana hasi ondoren, ordea, “ahoz” adierazi zioten “kontratazioan akats bat egon zela” eta bere azken laneguna 2023ko apirilaren 30a zela.

Inguruabarrak kontuan hartuta, sententziak dio tasatutako kalte-ordaina ez dela egokia langileak jasandako kaltea konpentsatzeko, lan mugagabea utzi baitzuen aldi baterakoa izan arren gutxienez urtebete iraun behar zuen kontratu batengatik.

Gainera, udalak ez zituen lan-harremana eteteko nahikoa arrazoi azaldu. Ondorioz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egokitzat jo du urtebetez jasoko lituzkeen soldatengatik kalte-ordain gehigarri bat jasotzeko eskubidea onartzea.

Epai aitzindaria da, doktrina autonomiko ezberdinak jarraitzen dituena, baita Europako Gutun Sozialaren aginduak eta Eskubide Sozialen Europako Komitearen erabakiak ere. Horiek guztiek benetan jasandako kalteen kalte-ordain egokia finkatu behar dela zehazten dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako egoitzetako hitzarmenaren inguruko negoziazioa desblokeatzeko exijitu dugu

Sindikatuak deituta, Arabako Foru Aldundiaren aurrean mobilizazioa egin dute goizean Gasteizen, Gorka Urtarani eta Diputazioari beren ardurei hel diezaieten eskatzeko.

Barakaldoko Udaleko aurrekontuak inolako negoziaziorik gabe onartu izana salatzen dugu

Atal sindikaletik alegazioak aurkeztu zizkioten aurrekontuari, eta horiek negoziazio mahaira eraman ez izana negoziazio kolektiboaren gutxiespentzat jo du.

Hezkuntza Departamentuak Barañaingo Alaitz Institutuko batxilergoko lerro bat bidegabe kentzeko asmoa duela salatzen dugu

2024-2025 ikasturterako, 52 ikasle aurrematrikulatu dira Alaitzen Gizarte Zientziak-Humanitateak eta Zientziak-Teknologia baxilergoetako ikasketak egiteko. Hala ere, Hezkuntza Departamentuak talde bakarra osatzea aurreikusten du.