2024-04-26
HomeEkintza SindikalaBollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIAK...

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIAK ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da. Lan munduan, modu espezifiko batean ematen den jazarpena da hau:

  • Aukera berdintasunetik urrun kokatzea
  • Lan munduan armairura bueltatzera behartua egotea, sexualitateak eta bizitzak ikusezin bilakatzea
  • Txisteak, deskalifikazio edota irainak jasotzea

Heteronormaren erreprodukziorako sistemak dituen mekanismoek, arautik kanpo ateratzen den guztia zigortzen dute. Baina guk, sexualitatea askatasun osoz bizitzeko hautu zilegia baino gehiago dela aldarrikatu nahi dugu. Kapitalismo heteropatriarkalak emakumeoi* inposatutako leku eta roletatik askatzen gaituen hautua hain zuzen ere: Sexuaren araberako lan banaketa posible egiten duena bikote heterosexualean oinarritzen den familia nuklearrari ezetz esateko modu bat delako. (Familia funtsezkoa instituzioa da produkzio eta erreprodukziorako gaurko sisteman existitzeko, gizon eta emakumeen arteko rol banaketa indarrean mantzentzen duelako). Heteroarauari ezetz esateko modu bat.

Heteroarauetatik kanpo bizitzea, heterosexualitatea ez den beste hautuak egitea, elkarbizitzarako sistemak pentsatu eta ardatz bihurtutako familia eredua ez den bestelako forma eta formulak bilatzea da bollera izatea. Apirilaren 26a guztion sexu askatasuna aldarrikatzeko eta lesbiana denak bere hautua askatasun osoz bizitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko eguna da LABentzat, baina baita bollera izatearen hautuak duen balio eta garrantzi politikoa ikusgarri egitekoa ere.

LABen aldarrikapenak eta konpromisoak:

  1. Bollera izateagatik zigorrik eta diskriminazioarik ez. Izena duenak du izana. Indarkeri matxistaren kontrako protokolo, neurri, estrategietan espreski jaso behar den eta borrokatu behar den errealitatea da. Plan eta protokolo eraginkorrak garatzea, finean, formazio eta sentsibilizazioan sakontzea, ematen den biolentziaren aurka borrokatzeko estrategiak garatzea.
  2. Sexu askatasuna lantokietan ziurtatuko duten diskurtso eta politika publiko eraginkorrak. Agenda politiko eta laboralean kokatzeko, lesbiana izatea oraindik orain zigortzen den hautua dela aitortzea eta arrazoietara jotzea. Sistemak ez ditu heteroarauetatik kanpo bizitzeko prest dagoen inor nahi, sistemak ezin du onartu bide hori irekitzea emakumeok* askatasun osoz eta inolako beldurrik gabe hartu dezagun. Zentzu honetan, instituzioen utzikeria salatu behar dugu: hitzez jasotzen ari diren konpromezuei diskriminiazio honekin amaitzeko bitartekorik jartzen ari ez zaiolako.
  3. Ikusgarritasunerako borrokarekin konpromisoa.Borroka lan munduan zabaltzea, gure ordezkari sindikalen agendetan dagokion lekua edukitzea, borroka honek eskatzen dituen baldintza politiko eta organizatiboak ziurtatzea sindikatuaren egituretatik. Armairutik atera nahi duenari babesa eta diskurtso feministan guzti guztientzat gure aitortza: BOLLERA IZATEA BADELAKO SISTEMA KAPITALISTARI EZETZ ESATEKO MODU BAT!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.