2026-11-06
HomeEkintza SozialaGreba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Etxebizitzaren krisiak okerrera egiten jarraitzen du Euskal Herrian. Prezioen etengabeko igoerak, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopuruaren murrizketak, etxegabetzeen gorakadak eta etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideen murrizketek gero eta egoera kezkagarriagoa erakusten dute. Bien bitartean, espekulatzaileek eta errentistek inoizko etekin handienak pilatzen dituzte oinarrizko behar baten kontura. Errealitate horrek desberdintasun sozialak areagotzen ditu eta pobrezia, ziurgabetasuna eta eskubideen galera hedatzen du.

Deitzaileok, hau da, LAB, ELA, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, egoera honen erantzule nagusitzat espekulatzaileak, errentistak eta etxebizitza negozio bihurtu duten eragileak jotzen ditugu. Hala ere, espekulazioa ahalbidetzen eta sustatzen duten baldintza legal eta ekonomikoak sortzen dituztenen erantzukizun politikoa ere seinalatu dugu. Ildo horretan, eskuineko alderdien politikak ez ezik, errentismoari eusten dioten eta jabeen zein espekulatzaileen etekinak babesten dituzten gobernuen politikak ere salatu ditugu.

Euskal Herrian, konplizitate instituzional hori Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta foru-aldundien etxebizitza-politiketan islatzen dela salatu dugu. Erakunde horiek etxejabeentzako abalak eta onura fiskalak sustatzen dituztela, alokairurako laguntzak konponbidetzat aurkezten dituztela —azkenean errentisten poltsikoetara iristen diren arren— eta, batez ere, eraikuntza-enpresen eta higiezinen sektoreko enpresen etekinak handitzeko balio duten eraikuntza-ziklo berriak bultzatzen dituztela kritikatu dugu. Era berean, udalek etxegabetzeak baimentzen edo gauzatzen jarraitzen dutela salatu dugu, kaltetutako pertsonei bizitzeko alternatibarik bermatu gabe. Egoera horren aurrean, neurri partzialak eta promesa instituzionalak ez dira nahikoa. Etxebizitza, osasuna edo hezkuntza bezala, eskubide unibertsal gisa bermatu behar da, eta horretarako ezinbestekoa da espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzea.

Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorraren erdigunean hiru aldarrikapen nagusi kokatu ditugu: espekulatzaileen esku pilatutako etxebizitzak desjabetzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea, eta etxebizitza zein haren baliabideak gizartearen beharren arabera antolatzea, merkatuaren logikaren arabera antolatu ordez.

Greba orokorrak balio behar du arazoaren egiturazko dimentsioa agerian uzteko, egoera horretatik etekina ateratzen dutenak seinalatzeko eta benetako eraldaketak lortzeko. Ildo horretan, Euskal Herriko langile guztiak grebarekin bat egitera, lantokiak hustera eta goizean hiriburuetan zein arratsaldean hiriburu eta eskualdeetan deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...

Greba orokorraren egunean Baionan mobilizatu gara politika neoliberalak gaitzetsi eta ikasle zein langileon boterea aldarrikatzeko

Goizean Baionako karriketan izan da Ipar Euskal Herriko mobilizazio nagusia, eta LABeko kideok bertan izan gara ozen esateko Macron gobernuaren eskutik langileen bizi-baldintzek okerrera...