Informazio eta komunikazio falta langileei
Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez ezagutu baititu Nafarroako Segurtasun Batzordean Larrialdietarako Plataforma Bakarra ezartzeari buruzko akordioak, 091 eta 062 zenbakietan jasotako deiak 112 SOS Nafarroara bideratzearena barne.
Bereziki larria iruditzen zaie SOS Nafarroaren funtzionamenduan eta larrialdien arretan hain eragin handia duen neurri bat prentsaren bidez ezagutu izana bertako profesionalek, aldez aurretik inolako jakinarazpenik jaso gabe eta aurreikusitako aldaketen irismena, ondorio operatiboak edo ezarpenari lotutako prozeduren inguruko azalpenik eman gabe.
091 eta 062 zenbakietako deiak 112ra bideratzearen aurka daude erabat
Langileen Batzordeak guztiz deitoratzen du 091 eta 062 zenbakietako deiak 112ra bideratzeko erabakia. Beren ustez, neurri hori planifikazio-akats larria da, eta arriskuan jartzen du Nafarroako Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren funtsezko funtzioa.
112 telefonoa larrialdi-egoerei erantzuteko sortu zen, eta ez edozein motatako polizia-deien kudeaketa bere gain hartzeko, premiazkoak ez direnak barne. 112 telefono-zenbakia polizia-deien hartzaile orokor bihurtu nahi izateak baliabideak eta arreta desbideratzea ekarriko du, hau da, haren egiteko nagusitik aldentzea: herritarren larrialdiei azkar eta eraginkortasunez erantzutea.
Erabaki horrek zerbitzuaren gainkarga sor dezake, eta benetako larrialdien arretan atzerapenak izateko arriskua handitu. Langileek premiazkoak ez diren dei polizialei erantzuten dieten bitartean, denbora eta baliabide gutxiago dituzte suteak, istripuak, osasun-larrialdiak, erreskateak edo erantzun azkarra hil ala bizikoa izan daitekeen egoerak kudeatzeko. Herritarren segurtasuna ezin da arriskuan jarri gaizki planteatutako antolaketa-erabaki baten ondorioz.
Gainera, poliziaren larrialdien koordinazio eta kudeaketa eredu berri bat garatzeko poliziaren dei guztiak 112ra bideratu beharrik ez dagoela uste dute eta alternatiba egokiagoak eta seguruagoak daudela.
Hori dela eta, Langileen Batzordetik eskatzen dute berehala gera dadila bertan behera 091 eta 062 zenbakietako deiak 112ra bideratuko direla ezartzen duen planaren puntua, eta prozedura desberdin eta eraginkorrago bat diseina dadila, ez plantillarentzat ez Nafarroako herritarrentzat arriskua areagotuko ez duena.
Larrialdi-operadore baten funtzioa —suteak, istripuak, osasun-larrialdiak edo erreskateak baloratu eta horietarako baliabideak mugiaraztea— ez da polizia-deien kudeaketa bezalakoa, beste logika bati, beste denbora batzuei eta beste jarduera-irizpide batzuei erantzuten baitie. Bi funtzioak zerbitzu berean nahastea ez da baliabide-arazo bat, ezta barne-antolakuntzako arazo bat ere: oinarrizko diseinu-akats bat da, berme operatibo batek ere zuzendu ezin duena.
Larrialdietarako Plataforma Bakarra presaka eta bermerik gabe ezarriko da
Neurriaren edukia bezain kezkagarria da sistema hori datozen asteetan ezartzeko iragarritako asmoa. Ausarkeriatzat jotzen dute abuztuan, Nafarroak larrialdi-sistemarako presio handieneko egoera batzuei aurre egiten dienean, hain zuzen ere, tamaina horretako aldaketa operatiboari ekitea: tenperatura altuak, baso-suteen arriskua, ekitaldi eta jai herrikoien ondoriozko jarduera-igoera…
Horri gehitu behar zaio SOS Nafarroaren aretoak oporraldiko mugekin funtzionatzen duela egun hauetan.
Ez dute ulertzen zer premia dagoen horrelako eredu bat martxan jartzeko, langileei behar bezalako informazioa eman gabe, protokolo operatibo ezagunik gabe eta ardura berriak hartzeko behar den prestakuntzarik gabe.
Herritarren segurtasunak iragarkiak eta izenburuak baino zerbait gehiago eskatzen du. Plangintza, probak, protokolo argiak, baliabide nahikoak eta behar bezala prestatutako profesionalak eskatzen ditu.

