Gaur goizean manifestazioa eta elkarretaratzea egin dituzte, eta datozen egunetarako ere hainbat hitzordu iragarri dituzte.
Jarraian irakur daiteke langile hauen adierazpena osorik:
“Bilboko eskolak eta gainerako udal zentroak garbitzen dituzten pertsonak gara. Ez gara ezta udal langileak ezta hezkuntzakoak ere ez, baina gure lanak eskola eta udal-zentroen funtzionamendua ahalbidetzen duen azpikontrata gara. Guk garbitzen ez badugu, ezinezkoa izango litzateke eskoletan klaseak ematea, udal-zentroetan yoga egitea, liburutegietan ikastea edo Erriberako merkatuan erosketak egitea. Ohituta gaude eraikinak bakarrik garbitzen direla pentsatzera, eta inor ez konturatzea goizeko 6etan motxoa eskuan lan egiten dugula, inork ikusten ez gaituenean, eguna hasten denean dena garbi egon dadin. Baina txukuntasun horren atzean garbitzaile bat egoten da beti, mundua funtzionatzen hasi baino lehen esnatzen dena.
Bilboko Udalak azpikontratatuta ditu zerbitzu gehienak, baita udal-zentroak garbitzeko zerbitzua ere, FCC multinazionalarekin. Zerbitzu horrek, UTE BIO ERAIKIGARBIren izenpean, prekarizatu egiten gaitu, astean 20 ordura iristen ez diren lanaldiak eskainiz, gure bizkargainean lan-karga jasanezinak jarriz, erretiratzen diren pertsonen lanpostuak amortizatuz, eta generoagatik diskriminatuz, kontratatzen dituzten gizon apurrei lanaldi osoak emanez eta emakumeak lanaldi lotsagarrietara kondenatuz.
Udal bera eta multinazional bera, UTE BIO GARBIKETAz arduratzen dira ere bai, BILBOGARBI izenez ezagunagoa. FCC enpresak, udalaren oniritziarekin, aste barruko lana antolatzen du lanaldi osoekin eta gureak baino %80-ko soldata handiagoekin. Plaza bat garbitzea ikastetxe bateko patio bat garbitzea baino diru gehiago kostatzen al du?
Udal-zentroetako garbitzaileok antolatzeko eta dagokigunaren alde antolatzea eta borrokatzea erabaki dugu, eta argi eta garbi esaten dugu BILBOKO UDALAK SOLDATA-ARRAKALA DIRUZ LAGUNTZEN DUELA. FCCri eskatzen diogu NEGOZIATZEKO ESERTZEKO, besteak beste, puntu hauek:
- Kaleak eta eraikinak garbitzearen artean dagoen soldata-arrakala amaitzea, % 80 Bilboren kasuan.
-Kale-garbiketako aparteko ordainsari berberak izatea.
-Adostea enpresak ez duela astean 25 ordu baino gutxiagoko kontraturik egingo, prekarietatera ez kondenatzeko edota beste lan batzuk bilatzera ez zigortzeko.
-Txanda-kontratuari heldu ahal izatea, garbiketa ahalegin fisiko handiko eta adineko sektorea izanik. - Euskara-plan bat negoziatzeko konpromisoa.
- Lanpostu hutsen sistema bat, lankideak erretiratzen direnean edo lanpostu libreak geratzen direnean gure lanaldiak edo lanpostuak hobetu ahal izateko.
Horregatik, otsaila eta ekaina bitartean deitutako 9 asteko grebari jarraipena emanez, ikasturte berria 5 asteko greba-deialdiarekin hasiko dugu, gaurtik urriaren 24ra bitartean.
Enpresak negoziazioa hilabete luzez blokeatu ondoren merezi ditugun baldintzak negoziatzera esertzea eta gobernu-taldeak dagokion erantzukizuna bere gain har dezala exijituko dugu, eta behar diren neurriak hartuko ditugu egun dagoen soldata-arrakala desagerrarazteko, bai eta alderdien artean bitartekotza egiteko eta FCC enpresari akordio bat lortze aldera eser dadin eskatzeko ere. Ez gara geratuko enpresa merezi ditugun baldintzak negoziatzeko eseri den arte.”


