Gaur, martxoak 12, Zubietako erraustegiko langileen lehenengo lanuztea eta manifestazioa izan da, beraien lan baldintzak arautu behar dituen enpresa hitzarmena aldarrikatzeko.
Aurreko astean eta proposamen berri bat aurkezteko aitzakiarekin, enpresak langile batzordeari deialdia egin zion astelehenean bilera egiteko asmoarekin. Batzordearen harridurarako, enpresak erregistratutako greba legez kanpokoa dela esatera etorri zen soilik, hau da, langileak mehatxatzera.
Honen ondorioz, asteazenean egindako langileen batzarrean, enpresaren oldarkeriak eragindako haserrea adierazteaz gain, martxoak 12 eta 26-rako deitutako lanuzteak mantentzeko erabakia hartu zen ere.
Ez dugu inongo mehatxurik eta jarrera oldarkorrik onartuko, borroka jarraitzeko asmoa daukagu jakin badakigulako borroka dela bide bakarra!

