2025-12-05
HomeEkintza SindikalaSidenorri zuriketa gehiagorik ez

Sidenorri zuriketa gehiagorik ez

Bada garaia instituzioek eta komunikabideek behingoz onartu dezaten Sidenorren agintzen dutenen errealitatea.

Aste honetan, Sidenorreko hiru buruzagi, tartean Jose Antonio Jainaga, Entzutegi Nazionalean deklaratzera joan beharko dira ikertu modura, azken hamarkadetan zuzenean ikusi ditugun irudi basati eta beldurgarriekin kolaboratzeagatik eta negozioa egiteagatik.

Jaurlaritza eta hainbat komunikabide tematuta daude Jose Antonio Jainaga euskal industriaren salbatzaile gisa aurkeztearekin. Bada, errealitatea oso bestelakoa da. EAEko Gobernuaren Industria Sailak 45 milioi euro oparituko dizkio (gutxienez) Talgo enpresa erosi ahal izateko. Jaurlaritzaren industria politiken adibide argia dugu hemen: enpresa pribatu bat diruz ureztatuko baitute, enpleguaren eta lan-baldintzen inguruko inongo bermerik eskatu gabe. Jokaldi borobila.

LABek otsailean salatu zuen tamaina horretako operazioaren aurrean langileok oso bestelako iritzia genuela: negoziazio kolektiboa blokeatuta, langileen lan-baldintzak okertzen… Hori guztia, azken bi urteetan enpresak 25 milioi euro banatu dituenean dibidenduetan. Langileen eskubideak etengabe okertzen ari dira: langileon erosahalmena eta kontziliazioa ez bermatzea enpresaren erabakia da. Denon artean sortu dugun aberastasuna gutxi batzuen artean banatu nahi dute.

Hortik gutxira jakin genuen Sidenor altzairua saltzen ari zitzaiola Israelgo enpresa militar bati. Salaketa publikoa egiteaz gain, enpresari operazio horien inguruko informazioa eskatu genion LAB, ELA eta ESK sindikatuok — oraindik jaso ez duguna. Egun gutxiren buruan, enpresak Israelekin zituen harremanak etengo zituela iragarri zuen, azalpen gehiago eman gabe.

Hau ere ez zen nahikoa izan Eusko Jaurlaritzak enpresa honekin zuen egoskorkeria gainditzeko, eta aste gutxiren buruan Industria Errotzean, berrikuntza eta kalitatezko enplegua sortzeagatik eman zitzaion saria. Genozidioarekin negozioa egin duen enpresari bati, hain zuzen. U15ean Euskal Herriko kaleak hartu genituen halako enpresak salatzeko, eta horren gutxira jakin genuen Entzutegi Nazionalak Jainaga ikertzea erabaki duela. Epaileak adierazi du, gainera, Sidenor enpresaren aurka neurririk hartu ez badu, langileek genozidioaren aurka erakutsitako jarrera irmoagatik izan dela.

Bada, oraindik ere ez da nahikoa, eta Industria Sailetik bere izena goraipatzen jarraitzen dute, inolako lotsarik gabe. Bitartean, azken egunotan, Gasteizko Sidenorren lau langile kaleratuak izan dira beren eskubideak aldarrikatzeagatik.

LABek argi dauka: euskal industria babestu nahi bada, langileen lan-baldintzak ere babestu behar dira. Eta Sidenorren ez da horrelakorik gertatzen; kontrakoa gertatzen da. Hau baldin bada ehun industrialaren salbatzailea, jai dugu. LAB bere industria-politikako proposamenean berresten da, inoiz baino gehiago, langileen parte-hartzea bermatuko duena eta horrelako enpresariei dirua oparitzea ekidingo duena. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...