Zuzendaritzak bultzatutako prozesua presaz, inprobisazioz eta ezarritako epeen menpe ari da garatzen, Lanbideren benetako beharren inguruko diagnostiko serio eta partekaturik gabe. Gainera, tresna honek 1.200 langile ingururi eragingo die, eta, hala ere, ez da eztabaida sakonik egiten ari.
Orain arte egindako bileretan, sindikatuok egiaztatu dugu dokumentuak etengabe aldatzen direla, proposamenak osatu gabe aurkezten direla eta plangintza falta nabarmena dagoela, bereziki funtsezko gaietan. Horien artean dago lanpostu askoren izaera juridikoa aldatzeko aukera, baina zuzendaritzak ez du aldaketa horren ondorioei, baldintzei edo bermei buruzko azalpen argirik eman.
Gainera, kezka are handiagoa da 2027ko urtarrilaren 1erako aurreikusita dagoen egoeraren aurrean, SEPEtik transferitutako funtzionarioak Lanbidera integratuko direnean. Gaur-gaurkoz, ez dago inolako plangintzarik edo proposamenik egoera hori nola kudeatuko den azaltzeko.
Bestalde, negoziazioa gai partzialetara mugatzen ari dela ere salatzen dugu, eta ez direla lantzen funtsezko beste elementu batzuk, hala nola Lanbideko sarearen dimentsionamendua edo LPZaren ikuspegi orokorra.
Egoera honen aurrean, LAB, ELA, CCOO eta UGTk berriro azpimarratzen dugu Lanbideko LPZa ezin dela inposizioz, presaz eta inprobisazioz eraiki. Halako tresna batek negoziazio erreal, garden eta bermeekin egina izan behar du.
Martxoaren 10ean negoziazio-bilera berria dago deituta. Sindikatuok bilera horretara hasieratik defendatu dugun jarrerarekin joango gara: ez dugu babestuko plantillaren aurkako diskriminaziorik edo kalterik ekar dezakeen proposamenik.
Azkenik, lau sindikatuek dei egiten die Lanbideko langileei adi egoteko negoziazio-prozesuaren bilakaerari eta lan-baldintza duinak eta kalitatezko enplegu-zerbitzu publikoa defendatzeko susta daitezkeen ekimenetan parte hartzera.

