2026-01-31
HomeEkintza SindikalaLABen ustez, Sidenorrek Israelekin dituen merkataritza-harremanak etetea Euskal Herrian Palestinarekiko dagoen elkartasunaren...

LABen ustez, Sidenorrek Israelekin dituen merkataritza-harremanak etetea Euskal Herrian Palestinarekiko dagoen elkartasunaren garaipen bat da

Duela aste batzuk, Sidenorrek Israelgo armadarekin harreman komertzialak zituela jakin zen. Ordutik hona, Sidenorri presioa egiteko hainbat bide ireki dira, bai Euskal Herrian, bai nazioartean ere, eta presio horren ondorioz, Sidenorrek Israelekin dituen merkataritza-harremanak eten dituela adierazi du gaur.

LABek adierazi nahi du adi egongo dela Sidenorren iragarpena bete dadin, eta dei egiten die Confebaski eta CENi norabide berdinean ekiteko, Israelgo gerra-makineriarekiko lankidetza oro bertan behera utziz. Ez du onartuko negozioa egitea genozidio baten kontura.

Joan den ekainaren 25ean, LABen ekimenez, Sidenorreko enpresa batzordearen ezohiko bilera bat deitu zen, eta, horren ondoren, LAB, ELA eta ESK sindikatuek enpresari informazio hori egiazkoa zen argitzea eta Palestinako biztanleriaren genozidioan nahiz haren lurraldearen okupazioan inplikatutako Israelgo edozein enpresa edo erakunderekin lankidetzan aritzeari uzteko konpromisoa hartzea eskatu zioten. Enpresa-batzordearen dei horrekin bat egin zuten Munduko Sindikatuen Federazioak, Portuko Langileen Nazioarteko Kontseiluak (IDC) eta, azkenik, BDS mugimenduak sindikatuekin batera.

Aduana-dokumentazioaren, portu-agintaritzen erregistroen eta kazetaritza-ikerketen bidez lortutako froga sinesgarriek erakusten zuten Sidenorrek, 2024ko abuztutik, gradu militarreko 1.200 tona altzairu baino gehiago esportatu zituela Israel Military Industries enpresarentzat (IMI Systems). Azken bidalketa ZIM Luandak operatutako itsasontziaren bidez egitekoa zen Haifara, eta Bartzelonako portutik uztailaren 1ean abiatzeko programatuta zegoen. IMI Systems Israelgo arlo militar-industrialeko aktore nagusietakoa da da, eta munizio astunen ekoizpenaren erantzule zuzena da, Gazako eta Zisjordaniako biztanleria-dentsitate handiko eremuetan hedatutako artilleria eta sistema blindatuak barne.

Laguntza material horren berri Nazioarteko Justizia Gorteak (CIJ) Hegoafrika Israelen kontra kasuan egindako aurkikuntzen testuinguruan jaso zen. Bertan, Gorteak, 2024ko urtarrilaren 26ko, martxoaren 28ko eta maiatzaren 24ko Behin-behineko Neurrien Aginduetan, zehaztu zuen oinarri onargarri bat dagoela, 1948ko Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioaren arabera. Israel genozidioa diren ekintzak egiten ari dela pentsatzeko. Komeni da azpimarratzea, halaber, Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutuaren 25 (3) (c) artikuluaren arabera, krimen baten laguntzailea edo bultzatzailea den edozein pertsona fisiko edo juridiko — baita krimen hori egiteko baliabideak ematen dituena ere — penalki erantzuletzat jo daiteke.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...