2026-02-24
HomeEkintza SindikalaLABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Euskara Zerbitzuaren berrantolaketaren etorkizuna langileokin adosteko eta...

LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Euskara Zerbitzuaren berrantolaketaren etorkizuna langileokin adosteko eta aldabakartasunarekin bukatzeko

Azken aste eta hilabeteetan bolo-bolo dabil IRALE programa irakasle, guraso eta hezkuntza komunitatea osatzen dutenen artean. Izan ere, zurrumurru asko eta informazio gutxi, edo batere ez, jaso dugu azken 40 urteotan ehunka irakasle euskaldundu eta euskal kulturan murgildu dituen programaren etorkizunaren inguruan.

Azken urteetan irakasleria euskaldundu eta alfabetatzeko IRALEk, beste proiektu batzuekin batera, egindako lanari esker irauli egin da 80 eta 90. hamarkadetako egoera. Egun, ordea, gizartean bezala, euskararen erabilera, kalitatea, belaunaldi berrien euskalduntzea edota euskal kulturaren transmisioa egoera zailean aurkitzen dira. Testuinguru horretan, aurrera urrats ausart eta sendoak emateko abagunean gaude, eta horretarako behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea; euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrera urratsak eman ditzagun.

Datorren ikasturteari begira, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua sortuko da; dakigun bakarra da 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak zehazten duena: bere eginkizun nagusia hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea izango dela, eta horretarako, Institutuak bere gain hartuko dituela hezkuntzaren arloko eskumena duen saileko Euskara Zerbitzuak sortu zenetik bete izan dituen eginkizunak. Legeak dioenaz harago, besterik ez dakigu. LABen ulertzen dugu institutu horrek IRALE programak bere gain hartzen dituen helburuak hartu beharko dituela, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta, aurretik aipatutako egoerak eskatzen duen neurrian.

Zentzu horretan, dena delako egituraren bidez, irakasleen murgiltze-ikastaroak eta euskal kultura lantzekoak mantendu eta indartu egin behar direla adierazi nahi du LABek, ez ikastetxe jakin batzuetara mugatuta. Izan ere, belaunaldi berrien euskalduntzean aurrerapausuak eman nahi baditugu, behar-beharrezkoak izango dira murgiltze-ikastaroak, beste jarduera batzuekin batera; hala nola, kultur transmisioko curriculuma ikasmaterialetara egokitzea. Era berean, ikastaro horien eraginkortasuna areagotzeko prestakuntza planifikazioa eta ebaluazioa hobetu behar dela uste dugu. 

Aurrekoari lotuta, murgiltze-ikastaroen eta euskal kultura lantzekoen ondorioz, egiturazko ehunka lanpostu hornitzen dira ikasturtero, eta sistemari irakasle horiek egiten dioten ekarpena azpimarratu nahi dugu.

Aipaturiko prestakuntzaz gain, era orokortuan euskararen irakaskuntzaren ebaluazio egokirako egiturazko neurri eta baliabideak sortu behar direla adierazten du LABek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasle guztiek euskaran B2 maila eskuratu dezaten jarraipen egoki eta planifikatua egiteko.

Bestalde, LABek salatu nahi du Hezkuntza Saila gai hori gardentasunik gabe, aldebakarrez eta informaziorik gabe kudetazen ari dela bai langileen ordezkari garen sindikatuekiko, bai IRALEko langileekiko, baita irakasleekiko ere. Are gehiago, urtarrilaren 15ean izan zen mahai negoziatzailean IRALEri buruz galdetuta, Sailak mantendu egingo zela adierazi zuen, nahiz eta Euskara eta Hizkuntzak 

Ikasteko Institutuarekin lotuta izan honen jarraipena. Hori dela eta, IRALE eta Institutuaren inguruan azalpenak emateko azken horren zuzendariak otsailaren 26ko mahai negoziatzailean informazioa helaraziko zigula adierazi zuen Hezkuntza Sailak; bada, aurreko astean Sailak sindikatuoi jakinarazi zigun zuzendaria ez dela mahai negoziatzailera azalduko. Jokabide horrek agerian uzten du Sailak duen aldebakarreko jokamoldea eta planifikazio eza. Seriotasun falta nabarmena adierazten du honek.

Egoera honen aurrean, Hezkuntza Sailari Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen dio LABek, baita horien inguruan, otsailaren 26ko mahai negoziatzailean LABek helarazitako galderei erantzuna ematea ere. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azken 24 orduetan Euskal Herrian gertatutako bi lan-istripu salatu ditu LABek

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasunik zintzoena adierazi nahi du, eta doluminak eman nahi dizkie hildako bi pertsonen familiei eta lagunei. Atzo gertatu zen...

Lan-baldintza duinen defentsan, EAEko jangelen lehen greba egunean, jarraipen jendetsua

Gaur, EAEko eskola publikoetako kudeaketa zuzeneko jangeletako langileek mobilizazio jendetsua egin dute euren lan eskubideen alde. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek grebaren jarraipen...

LABek Algeposako 16 langileren kaleratzea salatu du, Papresak kontratua eten ostean, eta mobilizazioak iragarri ditu

LAB sindikatutik, Papresan (Errenteria) lan egiten duen Algeposako langileen ordezkari garen aldetik, jakinarazi nahi dugu Papresak Algeposarekin zuen kontratua bertan behera utzi izanak sortu...