Gune horren benetako helburuari buruzko bermerik eman ez delako hartu du LABek erabakia.
LAB ez da gaurko —itxialdi eta kaleratzeen inguruan gizartean gero eta kezka handiagoa dagoen honetan— deitutako bilerara joango. Dagoen gatazka-egoera honen aurrean, ez dugu legitimatuko edukirik gabeko espazio bat, ezta argazki instituzional bat ere.
2025eko apirilean enpresei laguntza publikoa emateko hainbat mekanismo sortu ziren; zehazki, arantzel-mehatxuari erantzuteko eta merkataritza bultzatzeko premiazko neurriak. Guztira, 14.320 milioi euro mobilizatu ziren. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Industria Defentsarako Taldea sortu zen, Elkargirekin eta euskal finantza-erakundeekin batera 450 milioi euroko zuzeneko abalen eta finantzaketaren aparteko plan bat abian jarriz; industriari laguntzeko lerroa handitu zen, bereziki balio erantsiko I+G+b produktuak garatzearekin lotutakoa, 533 milioi eurokoa; eta enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzeko, defendatzeko eta eraldatzeko laguntzak handitu ziren, bai eta langileak eta enplegua babesteko laguntzak ere.
Une horretatik aurrera ez dugu informaziorik izan eman diren laguntza publikoei buruz, laguntza horiek jaso dituzten enpresei buruz, ezta mailegu eta abalen horien baldintzei buruz ere. Gardentasun falta hori ezin da diru publikoarekin gertatu, eta, gainera, neurri horien eraginkortasuna frogatu behar da.
Ustez, laguntza horiek muga-zergek gehien eragiten dieten sektoreen lehiakortasunari eusteko dira, hala nola siderurgiaren, automobilgintzaren edo elikadura-industriaren kasuan.
Hala ere, 2025eko apiriletik sektore horietan egoerak okerrera egin du, eta honako kasu hauetan ari gara aurre egiten:
• Tubos Reunidos. 301 kaleratze eta altzairutegiaren itxiera, SEPIren 140 milioi euroko maileguarekin.
• Gestamp Bizkaia. 2030ean egiturazko plantilla 300 pertsona baino gehiagoan murriztuko duela iragarri du.
• Papresa. Enpresaren salmenta eta enplegua suntsitzea, plantillaren ia %40an.
• Sidenor Azkoitia. Ijezketa-trenaren sekzioaren zati baten deslokalizazioa, 36 pertsona Kantabriara lekualdatuta.
LABek ez du parte hartuko enpleguaren eta euskal industria-sarearen defentsan esku hartzeko borondate argirik gabe sortutako gune batean. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzaren industria-politikaren norabidea ez dago egungo eta etorkizuneko erronkek eskatzen duten neurrian. Eta, batez ere, ez dira ziurtatzen ari ez industria-sarea, ez enpleguaren etorkizuna, ezta trantsizio energetikoa ere gizarte-justiziaren parametroetan.
LABentzat ezinbestekoa da Euskal Herriko etorkizun industriala definitzeko edozein mahaik honako hauek izatea:
• Benetako gardentasuna.
• Eragile sozial eta sindikalen parte-hartze eraginkorra.
• Erabakiak hartzeko eta elkarrekin lan egiteko gaitasuna.
• Aurrekontu-konpromisoa, haren jarraipen publikoarekin.
• Enpleguaren eta lan-baldintzen defentsa aktiboa.
Gaur egun, baldintza horietako bat bera ere ez dago bermatuta, eta horren guztiaren ondorioz erabaki da deialdi honetara ez joatea. LAB benetan behar horiei erantzuteko balio duen esparru orotan egongo da, baina ez da inongo zuriketaren konplize izango, ez instituzionalarena ez enpresarialarena.

