2026-02-22
HomeEkintza Soziala: Erreforma fiskalari, bai. Blokeoari eta iruzurrari, ez

[IRITZIA]: Erreforma fiskalari, bai. Blokeoari eta iruzurrari, ez

Jarraian duzue Gorka Vidal sindikatuko ekonomilariak fiskalitatearen inguruan idatzitako iritzi-artikulua.

Erreforma fiskalik ez zela izango agerikoa zen EAJ eta PSE “errebisio fiskalaz” mintzatzen hasi zirenean.

Ez da errebisio fiskala izan, blokeo fiskala izan da, aldaketa beharra giltzarrapoz itxi dutelako. Pribilegiatuen pribilegioak mantentzea erabaki dute. Argigarria izan da horretan Joseba Diaz de Antxustegi jeltzalea, Vocento taldeari emandako elkarrizketan. Adostu dituzten neurriak irakurtzean Confebask “lasai” egon daitekeela pozik adierazi du.

Zuzena da Antxustegi, eta zuzen dabil gainera. EAEn bizi garen langileoi gutxieneko soldata propioa ezartzeko eztabaida eta aukera lapurtu nahi digun patronalak lasai egoteko arrazoiak soberan ditu. Enpresa askok irabazi historikoak izanda ere, dituzten pribilegio fiskalak mantenduko dituzte eta haien ekarpena ez da handituko.

Horixe da EAJren eredua, eta ikasle fina du PSE, baita, antza, Podemos ere. Zerga politikaren bidez diru gehiago bildu eta zerbitzu publikoetan inbertitu baino, nahiago izan dute enpresariei mesede egiteko sistema injustua betikotu. 2007tik hona kapital errentek jasandako presio fiskala murriztu da, eta PFEZ duala da horren erakusgarri. Lortutako errenta berdinagatik, kapital errentak direnean, lan errenten bidez jasotakoetan baino gutxiago tributatzen da ogasunean. Aipatu dezagun, 2023ko datuekin, PFEZren pisua gure zerga sisteman %38,68koa dela eta PFEZren ekarpen nagusia lan errentek egiten dutela (%91,75). Pribilegioen sistema.

Blokeo fiskal honek baditu Confebaskentzat bestelako lasaigarriak. PFEZren pisutik oso urrun, %9,79arekin dago Sozietateen gaineko Zerga (2007an %16,04koa zen). Bai, gaur egun, ogasunek biltzen duten diru kopuru osotik %10 baino gutxiago da enpresariek haien irabaziengatik ordaintzen dutena. Lehiakortasuna eta absentismoa ditu Tamara Yagueren elkarteak kezka iturri nagusi eta EAJk eta PSEk Madrilgo zerga sistemari konpetentzia egiteko erabakia hartu dute, nork kapital errentei gutxiago kobratuko eta zeinek lortuko enpresarien ekarpenean abstentzio legal handiagoa.

EAJren zuzendaritza berrian egongo den jelkide gaztearen hitzei jarraituz, zerga sistemaren helburua, dirua biltzea beharrean, “jendearen poltsikoetan uztea” omen da. Jendeaz ari denean, gero eta ziurrago gaude enpresari eta lagunez ari dela.

Diru bilketa gutxitu eta dirua poltsikoetan dogma neoliberal horrek dituen emaitzak ezagunak zaizkigu. 2007tik hona hartutako erabaki guztiek PFEZ ekitatearen eta progresibitatearen printzipioak ahultzen eta zerga-sistemaren barruan duten birbanaketa-funtzioa txikitzen lagundu dute, eta Sozietate Zergak egindako aldaketek ez dute lortu enpresa-jarduera suspertzea, ezta enpresa-sarea indartzea ere. “Dirua poltsikoan” diote, osasungintza publikoa eraisteko eta pribatizatzeko asmoari eutsita, berau ordaindu beharko dugulako. “Dirua poltsikoetan”, baina garatu nahi duten industria politika sustengatzeko, gehiago zorpetzeko baimen eske Madrilera.

Dedukzioetan diru sarrera apalagoak ditugun langile eta herri sektoreok zuzenean biziko ditugun aldaketatxoen joko tranpatia darabilte jeltzaleek, horrekin iruzurra erosiko diogulakoan. Esku batekin emandako apurrek beste eskuan duten artazia ezkutatzen dute: zerbitzu publikoak indartzeari uko egitea; sektore produktiboan eman beharreko eraldaketa ekosoziala justua eta langileon aldekoa izan dadin galaraztea; etxebizitza politikan merkatuan maizterren alde esku hartu baino errentariei mesede egitea; eta, zaintza krisi betean, egungo eredua irauliko duen sistema publiko-komunitarioari bide emateko aukerari bizkarra ematea. Ez dugu amua irensten.

Gu ere, Diaz Antxustegi bezala, zuzenak eta zehatzak izaten saiatuko gara. Errebisio hau orain artekoa egiten jarraitzea da, politika neoliberal klasikoa. Eta, argiki, “poltsikoetan diru gehiago” diskurtsoaren atzean ezkutatzen dena da gizarte prestazio, zerbitzu publiko eta erronka estrategikoei aurre egiteko diru gutxiago izango dela.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza Sailak Euskaldunon aurkako erasoak egin dituela salatu nahi ditu LABek

“Euskalduna izatea euskaldun ez izatearen atzetik jartzen dute behin eta berriro” Ikasturtea hasi genuenetik, LABek behin eta berriro salatu ditu euskaldunon aurkako erasoak. Lehen adibidea...

Soldata arrakalaren kontra, gutxieneko soldata propioa aldarrikatu du LABek

Soldata baxuenak dituzten sektoreak feminizatuak eta arrazializatuak daudela salatu du LABek Bilbon eta Iruñean, eta, “injustizia” horrekin amaitzeko, martxoaren 17ko greba orokorrerako deia berretsi...

INTIAko Enpresa Batzordeak iragarri du greba hasiko duela TRACASA Instrumental enpresa publikotik subrogatutako 56 langileko kolektiboak

Urtebete baino gehiago daramagu enpresa publiko baten barruan soldata desberdintasuneko egoera bat konpondu nahian. Subrogazioa hasi zenetik, kolektibo honi ez zaio aplikatu INTIAn 2016tik...