2026-02-01
HomeIdazkaritzakBasogintzako langileen osasuna zaintzeko eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dugu Gipuzkoako Batzar...

Basogintzako langileen osasuna zaintzeko eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Joan den azaroaren 27an LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE ETA HIRU sindikatuok Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egin genuen bezala, gaur, intersindikal horren ordezkari gisa, LAB eta ETXALDEren ordezkariok Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu dugu basogintzako lan istripu kopuru altua, eta ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dugu.

Lan osasunari dagokionez, sektore horretako langileen egoera dramatikoa da. Azken hamarkadan gutxienez 32 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. Datu hori denboraldi berean Euskal Herrian lan istripuz izandako heriotza guztien %5 da. Sektore horretako langile kopurua kontuan hartuta, eraikuntza bera baino %10-15 aldiz hilkorragoa da.

Etengabe errepikatzen den egiturazko arazo baten aurrean gaude.

Arrazoi nagusietako bat sektorean dagoen prekaritatea da. Autonomo faltsuak, azpikontratazioaren erabilera orokorra, modu isolatuan lan egiten da, ez dago prebentzio baliabiderik, ez dago prestakuntzarik… Oro har, ez dira betetzen osasun zein lan araudia.

Baina funtsezko beste arrazoia Bizkaiko eta Gipuzkoako ustiaketaren egungo eredua da. Euskal Herriko sektoreko heriotza guztien %75 Bizkaian eta Gipuzkoan metatzen dira.

Aktibitateak berak arriskuak dakartza, baina bada arrisku horiek modu esponentzialean areagotzen dituen zeharkako faktore bat, basogintza eredua hain zuzen, basogintza intentsiboa. Basogintza eredu hau, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian egiten da Euskal Herrian.

Etekin ekonomikoa lehenetsi nahian, eredu horrek gure mendietan kanpoko espezieak, hazkunde azkarreko espezieak, aldatu, hazi eta matarrasa moduan ateratzen ditu denbora ziklo motzetan. Bioaniztasunaren ikuspegitik gure mendi lurrak eraldatu ditu, bertako basoak eta espezieak masiboki alboratu ditu eta, era berean, matarrasek eta habitataren eraldaketak bertako fauna larri erasotu dute. Horretarako makinaria astuna erabiltzen da eta mendian pistak irekitzen dira egurra atera ahal izateko, langileen aurkako arriskuak areagotuz.

Gainera, interbentzioak askotan lur eremu pribatu txiki, bakan eta urrunetan egin behar izaten dira, lanerako planifikazio egokia eramateko aukerak murriztuz. Azken hamarkadetan eredu hori, ikuspegi ekonomikotik, porrota iizan da, bidean milioika euro publiko xahutu baititu diru laguntzetan; zer esanik ez lan osasunaren ikuspegitik. Izan ere basoaren ustiaketa intentsiboa ordekan edo lur lauetan egin behar litzateke, baina teknika horiek gune malkarretara eramatean arrisku faktorea muga onargaitzetara iristen da.

Bideragarritasun ekonomiko falta horrek ingurumena erasotzeaz gain, langileen segurtasuna eta osasuna kaltetzen ditu, langileen bizia arriskuan jarriz: lan orduak modu masiboan egin, baita asteburuetan ere; makineria zaharra eta desegokia erabiltzen da malkar handietan; lan erritmoak oso altuak dira ustiatutako materialaren balioa oso eskasa delako… Lanaren berezko arriskuei gehitzen zaizkien faktore horiek dira sektoreko istripu tasa altuaren eragileak.

Basogintza eredua aldatu beharra dago, eta dei egiten diegu Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiei eta Batzar Nagusiei, mendi foru arauak alda ditzaten basogintza jasangarri

baten defentsan, eredu intentsiboa baztertuz, bideragarritasun ekonomikoa, bioaniztasunarena eta lan osasuna eta lan baldintzak ere bermatuak izan daitezen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...