Urtebeteren ondoren berriz ere gure hitza eta iritzia zuen aurrean plazaratzeko etorri gara. Esan bezala, hainbat hilabete eta gero, hemen aurkitzen gara, zuen aurrean, ASUNCION KLINIKAKO LANGILEEN izenean, orduko hartatik gaur egunera egoera ezer gutxi aldatu delako, eta hitzak hitz, oraindik ere gure etorkizunaren inguruko ziurtasunik ez dugulako. Eta beraz, ulertuko duzuen bezala, dela denbora batetik hona, Asuncion klinikako langile eta Tolosaldeako herritar bezala, egiten ditugun aldarrikapenek bere horretan dirautelako.
Asuncion klinikako Langile Batzordeko kideak gara, bertako 370 langileen ordezkariak, eta LAB eta ELA sindikatuek babestuta gatoz.
Gaian sartzen hasita, ezin aipatu gabe utzi, Tolosaldea dela, titulartasun publikoko erreferentziazko eskualde-ospitale bat EZ DUEN Gipuzkoako eskualde bakarra. Hori da abiapuntua beraz.
Hamaika urte, hogeita bi promesa, beste hainbeste gertaera, baina oraindik orain, egoerak bere horretan dirau. Ziurgabetasunari loturik daramatzagu urteak. Eta nazkatuta gaude.
Gaur egungo egoerari begirada azkar bat emanez gero, ondorio garbi bat atera genezake: EZ DAGO BERMATUTA LANGILEOK ASPALDITIK MAHAI GAINEAN JARRITAKO ALDARRIKAPEN BAT BERA ERE.
Plan funtzionalik ez daukagu, Asuncion klinikako egungo instalazioekin zer gertatuko den ez dakigu, eraiki asmo den ospitale berriak zein zerbitzu izango dituen ere ez dakigu, langileok ospitale berrian lanean jarraituko dugun bermerik ez daukagu, osasun departamendua eta enpresaren arteko hitzarmenaren inguruko berririk ez, gure lan baldintzak arautzen dituen enpresa hitzarmena guztiz blokeatuta enpresak ez duelako edukirik jartzen… Ez da argirik antzematen iluntasun guzti honetan.
Bide batez, azaldu nahiko genuke ere gure lan baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren negoziaketaren egoera. 2024ko abenduan bukatu zen indarraldia eta 2025eko apirilean negoziatzen hasi ginen; 3 bilera egin ostean mahaia erabat blokeatuta dago. 2024 eta 2025ean eros ahalmena galdu dugu langileok, horrek gure bizkar gainean eragiten duen zama guztiarekin. Bitartean, enpresa, monopolio egoera batean kokaturik, badirudi Departamentuarekin bere hitzarmena ixten ari dela.
Badirudi diogu, Asuncion klinikak Osasun Sailarekin hitzarmena sinatzear dela, 3 urtetako iraunaldiarekin gehi 2 urteko prorrogarekin. Badirudi hori dela Asuncion klinikari ematen zaion luzapena, hainbeste entzun dugun ospitale berria eraiki artean. Gero zer gertatuko den inork ez daki. Edo, ez digute esan nahi.
Aipatu bezala, balizko ospitale berriaren Plan Funtzionalik gabe jarraitzen dugu. Hitzak besterik ez dira orain arte entzun ditugunak eta bai Tolosaldeako osasungintza nahiz gure etorkizuna airean daude. Honenbestez, xehetasunen eta egitateen faltan, Tolosaldearako egin asmo dutena %100 publikoa izango den bermerik ez dugu, ezta aldarrikatzen dugun zerbitzu guztiak izango dituen ospital komarkal bat izatea ere; besteak beste, OSI Donostialdeatik zintzilikatutako bereizmen handiko anbulatorio baten itxura duelako, eta ezta ere langileak subrogatuak izango direnik.
Osasun Sailburuari hainbat bilera eskaera egin eta erantzunik jaso gabe egon ondoren, 2025eko urrian, Alberto Martinez Osasun Sailburuak Tolosara egin zuen bira programatua bat tarteko, berarekin elkartzeko aukera izan genuen.
Bilera horretan jaso genuen informazioa ez zen asko izan, eta gure harridurarako beste bilera batzuetan beste batzuei kontatutakoarekin kontraesanean. Diskrezioz eraman nahi omen dute gaia. Diskrezioa baino opakutasuna ikusten dugu guk ordea. Eta erantzunik jaso ez dugun edo zalantza izugarriak ditugun hainbat galdera darabilzkigu buruan itzulika:
– Zergatik ezin da Onkologikoarekin gertatu den bezala langileen subrogazioa landu?
– Zergatik ezin da egungo Asuncion klinika publifikatu, Onkologikoarekin egin bezala?
– Zer gertatuko da egungo klinikaren instalazioekin?
– Balizko ospitale berria OSI Donostialdean barnean kokatua egongo al da? Zer gertatuko da OSI Tolosaldearekin?
– Zein zerbitzu eskainiko ditu?
– Zenbat ohe izango ditu? Zenbat kirofano?
– Larrialdi zerbitzua izango al du?
– Zenbat langile beharko dira bertan?
LANGILE ETA HERRITARREK ESKATZEN DUGUN BIHARKO TOLOSALDEAKO OSASUNGINTZA
Asuncionen lanean dauden 370 langileek ez dute bermaturik lanean jarraitzea. Ahoz jarritako proposamenak soluzio partziala eta denboran mugatua eskaintzen du, eta ez dugu ontzat ematen.
Duela hilabete gutxi Donostiako Onkologikoko langileak subrogatuak izan dira eta gaur egun Osakidetzako langileak dira. Beraz, bide hori hartzea eskatzen dugu.
Azken mobilizazioan (azaroaren 22an, LAB eta ELAk deituta) honako aldarrikapenak berretsi genituen:
TOLOSALDEAKO OSASUNGINTZA:
- %100 publikoa
- Zerbitzu guztiak eskainiko dituen ospitale komarkala
- Asuncion klinikako langileen subrogazioaren bermea
Gure aldarrikapenak kontuan izango dituzuelakoan, eskerrik asko.
ASUNCION KLINIKAKO LANGILEEN BATZORDEA – LAB – ELA

