2026-11-27
HomeEkintza Sindikala: Sindikalismoaz, autonomiaz eta etxebizitza sindikalismoaz

[IRITZIA]: Sindikalismoaz, autonomiaz eta etxebizitza sindikalismoaz

Jarraian irakur dezakezue Iratxe Delgado eta Endika Perez Ekintza Sozialeko kideen iritzi artikulua.

Azaroaren 11n Hego Euskal Herrian egindako greba orokor arrakastatsuaren ondoren, eta oraindik ere maila politikoan eta antolakuntza mailan utzi dituen ondorioen balorazio sakona egiteko denborarik gabe, egokia iruditzen zaigu deialdi horren eraikuntzaren azaleratu diren bi eztabaidari buruzko gogoeta batzuk mahaigaineratzea.

Lehena: sindikalismo tradizionala eta azpisistema

Greba deialdi honek agerian utzi du Euskal Herriko errealitate sozial berezitua. Azaroaren 11koa 14 urtean Espainiako Estatuan egin den lehen greba orokorra da, eta Hego Euskal Herrian azken sei urteetan egin den bosgarrena: 2020an soldata, pentsio eta bizitza duinen alde; greba feminista orokorra 2023an (aurretik bi lanuzte deialdi egin ziren); Palestinaren aldeko lanuzte orokorra 2025ean; eta gutxieneko soldataren aldeko greba 2026ko martxoan. Bigarren deialdia da aurtengo urtean, eta, argi eta garbi, deialdiaren arrakastaren arrazoia euskal langile klasea bera da, haren antolakuntza maila eta Euskal Herrian dagoen antolakuntza ekosistema sindikal indartsua, bizi dugun bizitegi larrialdiarekin batera, noski.

Kapitalak 2008tik aurrera eragindako krisien, erasoaldien eta soldaten eta bizi-baldintzen debaluazioaren aurrean, Euskal Herrian kontraboterezko sindikalismoak gidatu du erresistentzia, eta errealitate horri aurre egin dio aldian-aldian. Sektore mailan, enpresa mailan, eta, batez ere, greba orokorreko deialdien bidez, lan harremanen eskubide murrizketa, prekarizazio eta estatalizazio uholde bat geldiarazteko ahaleginean ari da, baina, horrez gain, eta batez ere, langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko baldintzak sortzeko, indarrak biltzeko eta aurrera egiteko lanean ari da. Sei dira aipatutako urteetan izan diren greba orokorrak; horietako bat, behin iragarri ondoren Espainiako Estatuan deitutako deialdiarekin egunean bat egin zuena, eta gainerakoak, euskal langile klasearen agenda propioaren barruan deitutakoak.

Emandako erantzunak eta ondoko urteak ulertzeko, lagungarria da muinean dagoenari erreparatzea: estatukoarekin alderatuta, bestelakoa dela euskal sindikalismo borrokalaria. 1974an, LAB sortu zenean, sindikalismo soziopolitikoa sendotu eta hedatu egin zen gure lurraldean. Gerora, garatu ahala, bere identitatea eta proposamen sindikala eraikitzerakoan, frankismo osteko trantsizioarekin kritikoak ziren korronte politikoez elikatu zen.

Sindikatuon eta mugimendu sozialen arteko harremana gogoeta hori baino lehenagoakoa den arren —besteak beste, kultura politiko propioagatik eta ezker independentismoko ehunka koadro sindikalen militantzia bikoitzagatik—, aipatutako gogoetak blaitutako proposamen sindikalak forma handiagoa hartu zuen, eta 2008ko krisiaren aurreko erantzuna edukiz jantzi zuen. Prozesu horren emaitza izan ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sorrera eta 2020ko greba orokorra. Karta aliantza soziosindikal baten kristalizazioa da, planteamendu ofentsiboa duena eta, langile klasearen bizi baldintzen hobekuntzaren alde borrokatzeaz harago, borroka hori Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialarekin lotzeko asmoz sortua dena.

Hori da bigarren aldagai bereizgarria: Euskal Herrian, eraldaketa soziala aspirazio subiranisten eta independentisten eskutik dator. Premisa horri jarraikiz hartu du forma kontraboterezko sindikalismoak. Eztanda sozialak, protestak eta mobilizazio zikloak askapen nazionalaren aldeko prozesutik elikatzen dira, eta alderantziz. Hainbat hamarkadatako klase borroka nazionalak su iraunkor bati eutsi diote, eta, su horrek ahalbidetu du gure agenda propioaren barruan pizten diren txinpartek edo kanpotik datozenek gurean lur hartzea. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian eraldaketa eta aurrerapen handiagoak bultzatu daitezkeelako pertzepzio soziala dugun antolakuntza ekosistemaren emaitza da, eta azken grebaren inpaktua eta jarraipena ere horren isla argia dira.

Horri guztiari euskal sindikalismoaren eraberritzea gehitu behar zaio. Azken bi hamarkadetan feminismo iraultzaileak izandako eragina nabarmena da, eta zaintza lanak funtsezko auzi gisa kokatu ditu. Horrek ekarri du klase-subjektua zabaltzea, baita ekintza sindikala bera eta eraldaketarako agenda ere. Beraz, ezin azpimarratu gabe utzi Euskal Herrian mugimendu feministak eta militanteek izandako rola, eta LAB sindikatuak arlo horretan eginiko ekarpena ere garrantzitsua izan da. Sindikalismoa birpentsatzeko prozesua jarri genuen abian eta kapitalarekiko gatazka kapitala-bizitza terminoetan berdimentsionatu genuen. Prozesu hori ez zen mugarri isolatu hutsa izan; kontrara, aberasten jarraitzen du, proposamenak eta bisio estrategikoak txertatzen antirrazismotik eta ekosozialismotik. Izan ere, langile klase osoaren eskutik sakoneko eraldaketa sozialak bultzatzeko funtsezko bektoreak dira aipaturikoak, eta horretxek bereizten du gure jarduna sindikalismo tradizionaletik.

Horrenbestez, bitxia da, ibilbide hori dena izanda, oraindik begirada murriztaileak egotea greba orokorrak deitzeko moduari eta deialdiei dagokienez. Ez da Euskal Herrian izaera sozial edo politikodun greba bat egiten dugun lehenengo aldia. Aurreko grebetatik ikasgai baliotsuak atera daitezke aliantzei eta deialdiaren eraikuntzari dagokienez. Erritmo eta behar desberdinak, lurralde hedadura eta dimentsio oso anitza duten egiturak, espektatibak, desadostasunak eta adostasunak… Deialdi bateratuak ez dira soilik programatikoak —hori ere bai—. Elkarrekiko harremanean eta aitortzan eraikitzen dira, jakinda helburu eta interes desberdinak daudela eta bakoitzak bere ideiekiko eta proposamen politikoarekiko konbentzimenduz jarduten duela. Baina indarrak batzeaz harago, horiek biderkatzea da helburua. Hala, batasuna ez da mantra abstraktu hutsa, baizik eta eskuzabala izatea dakarren apustu politikoa, puntuala izan daitekeena edo indarrak batzeko balio dezakeena, deskribatzen ari garen borroka prozesuak islatzen duen bezala.

Estatuko sindikalismoarekiko ere ezberdina da geure eredua. Pello Igeregik zioen, berriki Berria–n idatzitako artikuluan, estatuko deialdiarekin bat egiteak mendeko sistema bat sortzen duela. ELAren kontraesanetan sartu gabe (2013an greba estatukoaren egun berean deitzearen alde egin zuen), gu ez gaude ados, ez orain arte azaldutakoagatik, ez beste bi elementu nagusirengatik. Lehena da agenda, interpelazioa eta, azken finean, klase borrokaren esparru autonomo baten defentsa ezin dela mugatu beste egun bat ezartzera, eta, aitzitik, deialdia berezko edukiz eta logikaz betetzea dela gakoa. Ekintza zehatzetara etorrita, grebarako arrazoiez aritzean logika eta diskurtso propioetatik abiatzea eta hori askapen nazionaleko prozesuarekin lotzeak lagundu egiten dio marko propioaren eraikuntzari, eta ez hainbeste deialdi berezitu bat egiteak; are, greba orokorrerako deialdiaren atzean Madrilen izandako etxegabetze baten eragina dagoenean, zeinak azkartu egin baitu nagusiki Bartzelonan eta Madrilen ardaztutako herri antolaketa prozesua.

Izan ere, bistakoa da greba honek Euskal Herriko mugak gainditu dituela, palestinar herriari elkartasuna adierazteko lanuzteak bezala. Euskal langileriak internazionalismoaren irizpideen arabera jarduten duela errealitate bat da, hamaika borrokatan berretsia, zeinetan euskal langileriak jakin izan duen bere bizi baldintza materialen defentsa uztartzen estatuko eta munduko herrien emantzipazio nazionalerako aspirazioekin eta borrokekin. Kontua ez da basque etiketa edo txapela jartzea aldarrikapenei —horrek ez dio mesederik egiten borroka abertzale eta independentistari—, baizik eta bermatzea Euskal Herrian garatzen diren dinamikek gure lurraldearen berezko errealitateari erantzungo diotela, bere identitatea, subjektuak eta prozesuak aitortuko dituztela eta hemen erabakiko direla.

Etxebizitzaren grebaren kasuan, zintzoak izan behar dugu. Etxebizitza duinaren aldeko borroka gero eta leku handiagoa hartzen ari zen aldarrikapen sindikal eta sozialetan, baita Euskal Herrian ere, baina ez dira gure herriko subjektuak izan greba orokorrerako markoa eta baldintzak sortu dituztenak. Maizterren Sindikatuen Konfederazioko jendeak gidatutako lan militante, zintzo eta oinarrizkoa izan da horretara eraman giatuena, eta lan hori aitortu nahi diegu. Abiapuntu horretatik eraiki behar izan dugu deialdia Euskal Herrian.

Horrekiko ikuspegi desberdina dugu guk eta ELAko Ekintza Sindikaleko arduradunak. Guk ez diegu aitortzen CCOO eta UGTri greba honen gidaritza. Kasu honetan, etxebizitzaren aldeko mugimenduak kokatu ditu bi sindikatu handi horiek olatua hartu beharrean. Ez gara inozoak, eta badakigu CCOOren eta UGTren interesa zein den, baita PSOEren eta gainerako ezker instituzionalaren beharra zein den ere, baina bat gatoz artikulu honetan Madrilgo Maizterren Sindikatuko kideek azaldutakoarekin: helburu desberdinak egotea eta estrategia desberdinak dituzten subjektuek posizioak irabaztea posible dela diote, eta horrek ez diola deialdiari bere indar emantzipatzailea kentzen. Horrenbestez, kasu honetan erronka izan da aukera baliatzea etxebizitzarako eskubide bermatua agendan bete-betean sartzeko eta aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokatzeko. Hortik abiatuta egin du lan LABek.

Euskal Herrian 2023ko greba feminista orokorra, besteak beste, adibide gisa har dezakegu erakusteko borroka emantzipatzaileek edota herri mugimenduko subjektu antolatuek greba deialdi bat bultzatu dezaketela. Deialdiaren arrakastaren gakoa aliantza eta eta prozesu solidoak artikulatzeko eta interes eta estrategia ezberdinak uztartzeko gaitasunean datza. Ildo horretan, guk uste dugu klase sindikatuek sindikalismoa tresna baliagarri gisa defendatu behar dutela eta deialdietan beraien paper zentrala bete behar dutela, baina, aldi berean, gai izan behar dutela lidergoa partekatzeko eta beraien egitura eta gaitasuna prozesuaren antolaketaren mesedetan jartzeko, baita aldarrikapenak jendearen masa zabaletara iritsiko direla bermatzeko ere.

Zoritxarrez, deialdi honen ezaugarriak bestelakoak izan dira, bai denbora kontuengatik, borroka-prozesu zehatz baten ondorio izan den heinean —etxegabetze batek kanpaldi bat ekarri zuen, eta horrek greba orokorra, hauteskundeen aurrerapenaren testuinguruan—, bai Euskal Herriko subjektu batzuek beren helburu partikularrak eta lidergo baztertzaileak lehenetsi dituztelako.

Azkenik, eta bigarren hausnarketari heldu baino lehen, beste elementu bat gehitu nahi diogu eztabaidari: ea, batuk dioten moduan, ardatz nagusiak kontraboterezko espazio auotnomo bat eratzeak izan behar duen, zeinak kontrajarri egingo dituen arlo soziala eta instituzionala; edo, ostera, klase moduan kapitalari aurre egitea lehenetsiko den. Ipar Hegoak berriki argitaratutako Talaia aldizkarian kontraboterezko sindikalismoak aldaketa politiko eta sozialak bultzatzeko duen rolaz hausnartu genuen. Estatu teoria marxistaren begiradatik aztertuta, estatuaren egiturak klase borrokarako jokaleku moduan ulertzen ditugu. Hala, gure ustez, lehen aipaturiko ardatzetako lehenengoak berekin dakar esparru instituzionalean klase borrokari uko egitea eta espazio hori kapitalari oparitzea —haren neurrira eraikita dagoela jakinda ere—, patronalari eta bere gobernuei. Zehatzagora etorrita, horrek egungo koiunturan espazio hori eskuin muturrari oparitzea esan nahi du. Gainera, kasu askotan instituzioak eta alderdiak interpelatzean, tabula rasa egiten da, brotxa lodia erabiltzen da, zeinak, errealitatearekin zintzoa ez izateaz gain, antipolitika eta desesperantza elikatzen dituen. Zilegi da errealitateari hesiaren kanpoaldetik eta eskuak zikindu gabe begiratzea eta ezkerraren kontraboterea izatea. Dena den, sarritan ikusten dugu ustezko autonomiaren jantziarekin egiten den kritika horrek ezkutatzen duena ekidistantzia dela, edo eragiteko, baldintzatzeko eta lorpen propioak izateko ahulezia. Kontrara, disputa kapitalarekin eta status quo-rekin egiten bada eta klase posiziotik egiten bada, gatazka kalera, lanera eta instituzioen esparrura eraman behar da. Dialektika horrek baditu bere mugak, kontraesanak eta zailtasunak, noski, baina posible den horren esparrua zabaltzeko eta klase gisa urrunago joatea ere ahalbidetzen du. Oraingoa ez da edonolako unea. Mundu mailako krisi sistemikoari zer-nolako erantzuna emango zaion oraindik ere ikusteko dagoen arren, Euskal Herrian badago aukera askapen nazionalaren eta sozialaren prozesuan aurrera egiteko. Aipatu krisiaren, 78ko erregimenaren krisiaren eta haren bilakaera erreakzionarioaren aurrean, ezkerreko independentismoak artikulatzen du alternatiba hemen. Zalantzarik gabe, urte luzez hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek modu militantean alternatiba hori eraikitzeko egindako lanaren ondorio da hori.

Edonola ere, klase-independentziaren edota autonomia sindikalaren premisa estrategikoa da zentzu guztietan. LABen urteak daramatzagu gure proiektu sindikala eraikitzen inongo patronalen, alderdi sistemikoren edo instituzioren laguntzarik gabe. Guretzako autonomia garrantzitsua da, bai, baina autonomia ez dugu ulertzen norbere baitan iltzatutako eta aldaketa politiko eta sozialetatik bereizitako posizio gisa, baizik eta aliantzak norekin, nola eta zertarako eraiki nahi ditugun erabakitzeko gaitasun gisa. Izan ere, gobernatzen duena nor den berdin ez dela uste dugu, bai, baina ezinbestekoa da, horrekin batera, honako hau adieraztea: gobernatzen duenak gobernatzen duela, borrokak aurrera darraiela eta klase-interesak defendatu egin behar direla.

Bigarrena. Etxebizitza sindikalismoa

Etxebizitza sindikalismoarena izan da zenbait zirkulutan azaleratu den beste eztabaida bat, zeinaren bueltan LABek errezeloekin edo, zuzenean, beto politikoekin topo egin duen: zer den, nork jorratzen duen eta zein den bere tokia, bai greba deialdi honetan, bai errentismoari eta espekulazioari kontra egiteko eta etxebizitza mugimendu sendo baten eraikuntzan aurrerapausoak emateko.

Begibistakoa da hainbat antolakunderen ikusmolde politiko eta estrategikoak daudela eztabaida honen atzean, eta eztabaida ezin dela horiengandik bereizi. Dena den, gure asmoa ez da lerro hauen bidez eztabaida horren hedadura osoari heltzea. Ekintza sindikaleko ildoarekin eta etxebizitza sindikalismoarekin loturiko puntuetan zentratuko gara.

Historiako beste une batzuetan ez bezala, azken hamarkadan etxebizitzaren aldeko mugimenduak antolakunde sindikalak eraikitzeko hautua egin du, plataformak edo koordinakundeak sortu beharrean, esate baterako. Uste dugu proposamen hori, zenbait kasutan, langile klasearen instituzioak eratzeko apustu irmoaren fruitu izan dela eta, beste kasu batzuetan, inertzia hutsa, sindikatu bat sortzeak gure ustez dakarren horretan gehiegi sakondu gabe.

Nolanahi ere, Miguel Virizuelak Hordago komunikabidean esan zuen Euskal Herrian ez dagoela maizterren sindikaturik, eta horren beharra azpimarratu zuen. Egia da: hemen, alde batetik, etxebizitza sindikatuak daude, eta, bestetik, klase sindikatu bat, bere sindikalismoa etxebizitzaren eremuan ere egiten duena. Eta ez bata eta ez bestea ez dira Virizuelak aipatutakoa.

Euskal Herrian etxebizitza sindikatu gisa ezagutzen ditugun horiei dagokienez, gaur egun bi ildo nagusi daude. Batetik, auzoetan errotutako proposamena dago, komunitate politikoa sortzeko asmoa duena, autonomiaz diharduena eta gure herriko herri mugimenduaren koordenada orokorretan jarduten duena. Komunitate politiko militante bat antolatu eta zabaltzeko zereginaz gain, lortzen du, asanbladen eta aholkularitza kolektiboaren bidez, langile klasearen geruza pobretuetara eta prekarizatuetara iristea, zeina, nagusiki, emakumeez eta/edo pertsona migratuez osatuta baitago. Kaleratzeen aurkako autodefentsa uztartzen du bestelako ekimen zabalagoekin; hala nola, elikagai bankuak, formakuntza politikoa eta gizarte mugimenduetan parte hartzea. Proposamen horri aitortza egiten diogu, baina uste dugu klase boterearen eraikuntza eta etxebizitza eskubidearen bermea lortu nahi dituen sindikalismoaren potentzial estrategikoa beste koordenatu batzuen gainean garatu behar dela.

Ildo politiko hori “etxebizitza sindikatu” kontzeptu politikoaren pean sartu ohi da, “Mugimendu Sozialistaren” proposamenarekin batera, zeinak, esentzian, bere alderdiaren eraikuntzaren eta ideario politikoaren zabalpenaren menpe jartzen duen sindikalismoa. Zeregin hori beste guztia baino garrantzitsuagoa da, lehia ideologikoa lehenesten da eta horrek berdindu egiten du —edo azpiratu, kasu honetan, bederen— etxebizitzarako eskubidearen bermea lortzea mugimenduaren beraren hazkundearekin.

Greba orokorra horren isla izan da. Askiezak diren erreformei etengabe kritika egitearen bidez grebak ekar litzakeen hobekuntza zehatz eta benetakoei (hain zuzen ere klase borrokak arlo horretan eginiko aurrerapenari esker eztabaidagai diren horiei) berariaz uko egiteak plano politiko ideologikora mugatzen du borroka. Hala, proposamen sindikalaren ardatza unean uneko aholkularitzan eta kaleratzeen aurkako autodefentsan ezartzen da, eta ekintza sindikalaren eta proiektu ideologikoaren arteko distantzia amildegi bihurtzen da. Gure ustez, klase posizioen aurrerapenaren neurria ideien eremura mugatzea akatsa da, eremu politikoari eta ekonomikoari ere erreparatu behar baitzaie. Bada, LABetik mahaigaineratu izan dugun bezala, greba orokor honen bueltan jokoan dauden neurri batzuk balioaarriak dira eremu horietan aurrera egiteko: prezioak jaistea, putre funtsak espropiatzea, errentistak eta espekulatzaileak saritzen dituen fiskalitatea aldatzea, eta abar.

Adibide bat doakizue jarraian: greba antolatu bitartean, eztabaidagai zegoen alokairu mugagabeei buruzko dekretua, eta giltzarri izango zen botoa EAJrena zen, hau da, Hego Euskal Herrian eredu errentistaren defendatzaile nagusia den alderdiarena. Ados gaude esatean neurri horrek, bere horretan, ez duela etxebizitzaren arazoa konpontzen eta ez duela errentismoa ezabatzen, baina, zalantzarik gabe, hobekuntza nabarmena ekarriko lieke aldian-aldian eta modu guztiz injustifikatuan (edo negozioa egiteko justifikaziopean) haien etxebizitzetatik kanporatuak izateko mehatxupean egoteari utziko lioketen milaka maizterri. Gainera, neurri horrek balio izango luke beste helburu batzuen alde borroka egiteko baldintzak ere hobetzeko; hala nola, prezioak jaisteko edo gehiegikeriei aurre egiteko. Lan eremuko sindikalismoarekin alderaketa eginda, kontratu mugagabeak izateari garrantzia kentzea bezala litzateke. Gainera, ikuspuntu subiranistatik, balioko luke pedagogia egiteko eta agerian uzteko Hego Euskal Herriko milaka maizterri eragiten dieten baldintzak Madrilen erabakitzen direla, nahiz eta EAEn, esaterako, eskumen hori izanez gero, alokairu mugagabeen neurria onartzea ahalbidetuko lukeen gehiengo soziala —eta politikoa?— egon badagoen. Bada, eztabaida hori bazter batean geratu da greba orokor honetan, eta uko egin zaio —elektoralismoa ez elikatzearen aitzakian— errentismoaren kontrako borroka zehatz hori egiteari.

Hala, aipaturiko bi ildoak kontrajarrita daude maizterrak bere jardunaren erdigunean jartzen dituen oinarrizko sindikalismo berriarekin, Espainiako Estatuan eta nazioarteko hainbat txokotan garatu denari. Bada, proposamen sindikal horrek, bere gaitasunen neurrian betiere, estaturik gabeko nazioetako sindikatuokin hausnarketak partekatzeko eginkizuna hartu du bere gain, Euskal Herrikoekin barne, eta horrek greba orokorraren deialdirako baldintzak sortzen lagundu du. Hori esaten dugu, hain zuzen, deigarria delako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta ELAk defendatu izana deialdiaren protagonismoa haiei zegokiela, nahiz eta haien ildoak talka egiten duen grebarako baldintzak sortu dituzten horiek defendatzen dutenarekin, eta gaur-gaurkoz ildo horrek ez duen gaitasunik erakutsi borroka A11ko deialdiaren antzeko parametroetako proposamen batera eramateko.

Puntu hau garrantzitsua da greba orokorraren deialdian Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek bereganatu nahi izan duten protagonismo zentralari buruzko eztabaida zintzoa egiteko, azaltzeko nola artikulatzen den etxebizitzaren aldeko borroka zabal eta tranbertsal bat, lortuko duena urrats sendoak egitea eta gaitasuna izango duena langile klase osoarentzako garaipen errealak lortzeko eta borroka horretan bakoitzari dagokion rola zein den zehazteko. Zoritxarrez, hausnarketa horretatik urrun, oraingoz lehian eta norbere interesetan oinarritutako irakurketak gailendu dira nagusiki, eta horren ondorio da, besteak beste, LAB sindikatua arlo honetan garatzen ari den lana eta ekarpena bazter uzteko saiakera.

Deialdiari eta protagonismoei buruzko eztabaidez harago, garrantzitsua iruditzen zaigu nabarmentzea Euskal Herrian badagoela hipotesi estrategiko bat estatuan eta Europan, oro har, ez dagoena. Italiako USB sindikatuak ASIA izeneko maizterren elkartearekin duen konfederazioarekin soilik izan dezake antza: etxebizitzan ekintza sindikala garatzea kalse sindikalismotik abiatuta.

LABen apustua da maizterren botere sindikala antolatzea klase boterearekin artikulatuta. Izan ere, etxebizitzaren auzia klase gatazka da zentzu askotan: oinarrizko eskubide baten merkantilizazioa, soldaten arpilatzea, desberdintasun sozialak… Bada, klase subjektua berrosatzeko, giltzarriak dira honako faktore hauek: errentismoaren aurkako borroka horrek zeharkatzen duen subjektuak parte hartzea, lehen lerroan egotea eta protagonismoa izatea; oinarrizko sindikalismoa garatzearekin batera, politizatzea; eta eraldaketa integralerako egitura eta programa sindikala izango dituzten egituren kontsolidazioa, etxebizitzaren esparrua ere barne hartuko dutenak.

Hausnarketa horrek bi galdera ditu atzean: nolako sindikatua behar den XXI. mendean Ipar Globalan, eta zertarako. Sindikalismo tradizionalak funtzionatzen eta erreproduzitzen jarraitu dezake bere xede bakarra egitura mantentzea baldin bada. Kontrara, bere apustua baldin bada langile klase osoarentzako antolakuntzarako erreminta izatea, uste dugu ezinbestekoa dela oinarrian kapitala-bizitza kontraesana jartzea eta sindikalismoa parametro horietan antolatzea gaur-gaurkoz klase borrokarako giltzarri diren esparruetan.

Horretarako modu desberdinak egon daitezke; hala nola, aliantzak eraikitzea eta borrokak konfederatzea. Gure lan-hipotesia da kontraboterezko sindikalismoak ahalbidetzen digula etxebizitza sindikalismoaren eskura jartzea urte luzetako borroketatik ateratako irakaspenak, botere sindikala eta esperientziak. Eredu sindikal hori garatzeko gakoa da, lehenik eta behin, gatazka zehatzetan pertsonen protagonismoa bermatzea, eta sindikalismoa ez mugatzea zerbitzua ematera. Aholkularitza kolektiboen alde egiten dugu apustu, gatazka bakoitzaren aurrean jorratu beharreko estrategia elkarrekin erabakitzearen alde eta ondoriorik lazgarrienei posible den neurrian aurrea hartzearen alde. Lan esparruarekin paralelismoa eginda, kaleratzeen edota Enplegu Erregulazioko Espedienteen aurka antolatzeaz beharrean, askoz ere lehenagotik sindikalismoa egiten hasteaz ari gara.

Bigarrenik, gure apustua gatazka kolektiboak sortzea da, eta horrek, nagusiki, etxebizitza blokeetako borroken edo atal sindikalen forma hartu izan du. Gaur-gaurkoz LABek Hego Euskal Herrian gatazka kolektibo dezente ditu etxebizitzaren esparruan: Erandioko Los Ochoseko maizterrena, Mosaic-Inmo Caixaren aurka; Balmasedako La Calzadakoena, Farley-InmoCaixaren aurka; Hego Euskal Herrian Alquiler Segurok kudeatzen dituen etxebizitzetako maizterrena; Adalquilerren aurka Gasteizko Salburua eta Zabalgana auzoetan; Adaniaren aurka Tolosako Allirin; eta Testaren etxebizitzetako auzokideena Iruñerrian. Bada esango duenik —arrazoiarekin, hein batean— putre funtsen eta etxejabe handien presentzia oso murritza dela Euskal Herrian. Hemen errealitate hori ia existitu ere ez zela egiten uste zuenik ere egongo da, eta orain harriduraz begiratzen dionik gatazken zerrendari. Edonola ere, gatazka zehatz horietan aurrera egiteak ahalbidetzen du espropiazioaz eta putre funtsak kanporatzeaz hitz egitea, dirua eta esku hartze publikoa zertarako erabiltzen diren auzitan jartzea, kontratuen luzapena bermatzea eta jendea bere etxean geratzea. Eta, hortik abiatuta, posizioa irabaztea. Horren adibide da Nafarroan babes ofizialeko etxebizitzei babesa blindatzen dien legea onartu izana (PPk Espainiako Konstituzio Auzitegian helegitea jarri diona), Ezkabako bizilagunak sindikatuarekin antolatu izanaren fruitu dena.

Hirugarren gakoa da eskubideetan aurrea egitea eta gure posizioa hobetzea ahalbidetuko duten estrategia sindikalak planteatzea. Lantokietako negoziazio kolektiboan garaipen partzialei ez zaie uko egiten; bada, gauza bera etxebizitzaren esparruan. Eskubideak eta bizi baldintza duinak bermatzeko beharrezkoa da zenbait gatazkatan esku hartzea; besteak beste, alokairu mugagabeak bermatzeko lege aldaketetan, kontratuz kontratu prezioak jaisteko borrokan eta babes ofizialeko etxebizitzen katalogazioa mantentzearen aldekoan. Halakoek, gainera, ahalduntzen eta koadro sindikalak sortzen laguntzen dute. Borroka horiek gatazka sindikal zehatzetan hartzen dute lur, eta, era berean, kaleko borroka soziosindikalean eta instituzioetan ere garatzen dira.

Gauzak horrela, umiltasunez baina orain arte eginiko bideak emandako ziurtasunak lagun, uste dugu LABen apustua gure lurraldean artikulatzen ari den etxebizitza mugimenduaren parte dela, badituela potentzialitatea eta indarra eta ez duela zentzurik hari betoa ezarri nahi izateak. Era berean, guk etxebizitza sindikalismoaz dugun hipotesia bat dator Maizterren Sindikatuen Konfederazioak duen ikuspegi estrategikoarekin. Haiekin elkarlanean egin dugu bide hau, eta haiei esker aberastu dugu gure ikuspegia. Argi dago ez dugula genealogia bera; gauza desberdinak gara, eta ez da gure asmoa kontrakoa adieraztea. Baina ziur gaude, elkar ulertuz eta koordinatuz, gai izango garela oinarrizko sindikalismoa, botere sindikala, maizterren boterea eta fronte guztietako borroka uztartuko dituen proposamena Euskal Herrian lurreratzeko, ezeri uko egin gabe eta dena aldatzeko xedez.

Errentismoaren eta espekulazioaren aurkako borroka globala da, baina errealitate konkretuetan hartzen du lur. Begibistakoa da gure herrialdearen errealitatea ez dela 2008koa, ezta 2020koa ere. Prozesu subiranistaren eta eraldaketa sozialaren koordenatuak aldatu egin dira, eta aldatu egin da errealitate soziosindikala ere, eraldaketa horren ezinbesteko motorra. Uste dugu iritsi dela unea horri buruzko analisi zintzoa eta partekatua egin, eta kooperazioan eta elkarlanean oinarrituriko errealitateak sortzeko. Modu horretan izango gara gai klase interesak eta gure nazioarenak norbere interes partikularren gainetik kokatzeko. Bada, beste hainbaten artean, behar-beharrezko ekarpena izango litzateke etxebizitza mugimendu zabal bat, bultza egiteko gaitasuna eta egitura sendoak izango dituena. Norabide horretan arraun egiten jarraitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak Bilboko erailketa matxistaren aurrean deitu dituen mobilizazioekin

Emakume* bat erail dute Bilbon, Euskal Herriko seigarrena urte hasieratik. Honen aurrean, mobilizazioak deitu ditu Emakumeen Mundu Martxak, eta LABetik kalera ateratzeko deia egiten...

Gizardatzen antzezpenak blokeoaren alde egin duela eta negoziazioan inplikatzeko asmorik ez duela berretsi besterik ez du egiten

Bizkaiko Esku Hartze Sozialeko sektoreko patronalak duela bi hilabete baino gehiago sindikatuok (LABek, ELAk eta ESKk) erabat baztertu genituen eduki berberak eraman dituen bilera baten ondoren, mobilizazioen zikloarekin bat egiteko deia egiten diegu langileei, benetako negoziazioa behartzeko.

Miarritzen Frantses kanoia delakoaren bilkuraren aurkako herri harresian parte hartzera deitzen dugu LABetik

Oturuntza baten aitzakiapean eskuin muturreko ideiak errotzeko xedea duen ekitaldia da larunbatean, hilak 28, Irati aretoan antolatu dutena, eta frantses identitatea goraipatzeko aitzakiarekin bazterkeria eta diskriminazioa zabaltzen dituzte. Euskal Herrian ongietorriak ez direla argi utziko diegu hainbat eragilek elkarlanean deituriko mobilizazioaren bidez.