Mobilizazio bikoitza egin dugu Arabako hiriburuan. Lehenik, Alquler Seguroko maizterrekin batera mobilizatu gara, bere egoitzaren aurrean, enpresa honen gehiegikeriak salatzeko. Ondoren, EAJren egoitza aurrera jo dugu, eta alokairu kontratuen mugagabeen alde egitea eskatu diogu.
Alquler Segurok 500 etxebizitza inguru kudeatzen ditu Hego Euskal Herrian, eta horietatik 300 Gasteizen daude. Enpresa honek 50 milioi eurotako irabaziak izan ditu, legez kanpoko praktikei esker. Besteak beste, Maizterren Arretarako Zerbitzua inposatzen dute, eta aseguruak eta hornikuntzak talde bereko enpresekin kontratzera behartzen dituzte maizterrak. Gainera, gehigizko depositoak ere eskatzen dituzte, eta 200 euro kobratzen dituzte etxe bat bisitatze hutsagatik. “Milaka euro lapurtzen dizkigute maizterroi”, salatu zuten mobilizazioan. Azken finean, desinformazioan eta maizterrei egiten dizkieten gehigikerietan oinarritzen du bere negozioa Alquiler Segurok.
Baina maizterrak LABen antolatzen hasi dira eta “elkarrekin, porrotera eramango dugu Alquiler Seguro-ren eredua”, gaineratu dute. Izan ere, LABen plan bat daukagu iruzurrez kobratzen duten dirua berreskuratzeko eta gehiegikeriekin amaitzeko.
Beren egoera zehatzetik harago, Alquiler Seguro-ko Gaistezko maizterrek gaineratu dute “etxebizitzaren negozioak guztiok mehatxatzen gaituela” eta biharko greba orokorrean lan zentroak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute, pobretzearen eta errentismoaren aurka, etxebizitzaren negozioa etetearen garrantzia nabarmenduz.

EAJk ardura zuzena du du etxebizitza krisian
Jeltzaleen Gasteizko egoitzaren aurrean, salatu dugu betidanik izan dutela etxebizitza eskubidea bermatzeko neurrien aurkako jarrera eta higiezinen patronalaren “zerbitzari finak” izan direla. LABetik, garbi adierazi diegu langileon eta etxebizitza eskubidea bermatzearen aldeko politikak egiteko garaia dela.
Horrela, gogoratu dugu azaroaren 12an, greba orokorraren ondorengo egunean, Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean, Hego Euskal Herriko milaka maizterrei eragiten dieten neurriak bozkatuko direla, horien artean, alokairu kontratuen izaera mugagabearen ingurukoa.
Eta honekin lotuta, exijentzia argia egin diogu EAJri: “kontratu mugagabeen alde bozkatzeko eskatzen dizuegu. Errentisten alde edo maizterren alde. Ez dago erdibiderik. Alokairu kontratu mugagabeak behar ditugu. Oraindik garaiz zaudete!”
Etxebizitza eskubidea bermatzeko norabidean urrats sendoak eta egiturazko neurriak exijitzeko greba egingo dugu bihar, azaroaren 11n. LABen argi dugu maizterren egonkortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko, etxebizitzaren negozioarekin bukatu behar dela.



