2026-07-05
HomeIndustriaMetalgintzaLaminaciones Arreguiko langileek enplegua aldarrikatu dute Gasteizko epaitegien aurrean

Laminaciones Arreguiko langileek enplegua aldarrikatu dute Gasteizko epaitegien aurrean

Celsa Atlantic-Laminaciones Arreguiko langileek kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean kaleratutakoak berronartzea exijitu eta etorkizunerako bermeak aldarrikatzeko.

Laminaciones Arreguiko langile gehienek egin dute bat gaur kaleratutakoen berronartzea eta Arabako lantegien etorkizunaren alde deitutako lanuztearekin. Honekin batera, kontzentrazioa egin dute Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, datozen egunotan kaleratutako langileek demanda judizialak eta kontziliazio papeletak aurkeztuko dituztelako euren berronartzea exijituz.

Mobilizazio honekin, langileek enpresaren jarrera salatu nahi izan dute, otsailean 8 langile kaleratu zituelako. Hauxe da, hain zuzen ere, kaleratze kolektiboagatik prozedura aurkezteko muga eta ziurrenik, beste jipoi judizial bat ekiditeko helburuarekin egin du enpresak.

Jukutria hau egin duten arren, argi utzi behar dugu langile hauek beste birritan kaleratuak izan zirela, modu aktiboan hartu zutela parte 2012ko greba mugagabean eta horren ondorioz, bapatean kaleratuak izan zirela eta ELA eta LAB sindikatuetako afiliatuak direla. Gainera, hauetariko batzuk bajan zeuden kaleratuak izan zirenean.

Ondorio argi batera garamatza honek: inposizioen bidea hartu du berriro enpresak, jazarpenarena, euren murrizketa eta kaleratzeen aurrean amorerik eman ez zuten Gasteiz eta Urbinako langile batzuen zigorrarena.

Honen aurrean, langileak errebelatu egin dira eta tinko erantzun dute, Gasteizko epaitegietan ere mobilizatuz. Izan ere, esparru guztietan aldarrikatuko dugu kaleratuek berriro lanean bueltatu behar dutela, enpleguari eutsi behar zaiola eta etorkizunerako bermeak behar dituztela Arabako lantegiek.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: AranokoMaderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.