Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru orduko lanuzteak egingo dituzte: 11:30etik 14:30era, goizeko txandan, eta 14:30etik 17:30era, arratsaldekoan.
Lanuzte hau ez da kasualitatea. Hilabeteak daramatzate langileek benetako negoziazioa eskatzen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) inposaketekin eta negoziatzeko borondaterik ezarekin erantzuten jarraitzen du. Oraindik ez dago Akordioaren/Hitzarmenaren negoziazioari ekiteko benetako deialdirik.
Hauek dira langileen aldarrikapenak:
• Erosteko ahalmena berreskuratzea eta etorkizuneko soldata-galerak saihesteko bermeak lortzea.
• Euskara defendatu eta normalizatzea.
• Kontziliazio-neurriak hobetzea.
• Lanaldia murriztea.
• Telelanerako akordio berri bat negoziatzea.
• Lan-egutegi adostu bat.
• Eta, batez ere, inposaketak alde batera utzi eta benetako negoziazioa exijitzea.
Urriaren 21ean mezu argi bat bidaliko diete BFAri eta GUFEri: langileak ez daude prest beraien lan-baldintzak aldebakarrez erabakitzen jarrai dezaten.

