Bizkaiko eta Gipuzkoako zonalde askotan greba jarraipena zabala izaten ari da, hainbat udaleta udal zerbitzu itxi direlarik. LABek eta ELAk argi adierazi nahi diegu Eudeleko mahaia osatzen duten alderdiei Udalhitzen negoziazioaren blokeoa ez dugula onartzen eta aurrera pausuak emateko garaia dela.
EAEko udaletan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian bi urteko negoziazioen ondoren EUDELek mahaia eta negoziazio prozesua blokeatu nahi du. Azken mahaian, EUDELen gehiengoa duten arderdi politikoek mahai negoziatzaileari bukaera ematea erabaki zuten, oinarrizko aldarrikapenetan bestelako mugimendurik egiteko prest ez zeudela argudiatua. Modu berean udalez udaletako lan-hitzarmenen negoziazioa geldi dago eta negoziazio esparruak orokorrean ez daude aktibo. Beraz, esan genezake orokorrean EAEko udalen negoziazio kolektiboa egoera latzean dagoela.
Egoera honen ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak etengabe okertzen doaz urtez urte. Eudelen gehiengoa duten alderdiek Udalhitzeko negoziazioa blokeora eraman dute. Udatik bueltan izan ditugun bi mahaietan negoziazioek ez dute aurrera egin, alderdi politikoek ez dute borondate politiko nahikoa erakutsi, eta gainera, azken mahaia guztiz blokeatu eta negoziazioa bukatutzat eman zuten.
Alderdi politikoen erabaki horien aurrean, LABek eta ELAk argi daukagu grebak eta mobilizazioak direla sektoreko lan baldintzak hobetzeko bidea. Gogora dezagun EAEko udal langileek jada 2 orduko paroak egin zituztela apirilaren 23an, eta egun osoko 2 greba egun maiatzean eta ekainean. Orduan egindako lanuzte eta greba horien ondorioz Udalhitzeko mahaian eduki berriak ekartzea lortu genuen, baina gatazkari bukaera emateko funtsezko aldarrikapen batzuk falta ziren .
Iraileko mahaietan eduki batzuk faltan jarraitzen zutelako egin genuen LABek eta ELAk gaurko greba egunaren deialdia, izan ere, soldatetan eta eros ahalmenaren galera berreskuratzeko neurrietan, euskaran, jardunaldi murrizketan, gazteberritze neurrien aplikazioan eta subrogazio eskubidean neurriak falta dira oraindik.
LABek eta ELAk momentu erabakigarri batean gaudela uste dugu. Gaurko greban udal batzuk guztiz itxi dira eta hainbat eta hainbat udal zerbitzu baldintzaturik daude. Udal langileok gaurko greba egunean ozen adierazi diegu agintariei gure lan baldintzak hobetzeko garaia dela eta hemen erabaki nahi ditugula. Bilbon, Gasteizen eta Donostian eginiko mobilizazioetan milaka udal langilek borrokarako prest daudela adierazi dute. Bestalde, Ezkerraldean kokatuta dagoen Ranzari udal enpresan gertaturikoa salatu nahi dugu, bereziki larria iruditzen baitzaigu. Zuzendaritzak oinarririk ez duten zerbitzu minimo batzuk inposatu ditu greba eskubidea erasotuz. LABetik eta ELAtik tinko erantzungo dugu eskubide urraketa hau, bide judiziala baztertu gabe.
Bukatzeko, LABetik eta ELAtik zuzenean interpelatu nahi ditugu EUDEL osatzen duten EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteak. Bada garaia udal sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko. Hala egiten ez badute, sindikatuok hurrengo hilabeteetan udal sektoreko borrokarekin jarraitzeko determinazio osoa dugula adierazten dugu.










