Joan den astean, gure borroka publiko egin eta urrirako sei greba egun deitu zituzten Aguraingo kale garbiketa zerbitzuan lan egiten duten SEULA enpresako langileek, herriko jaiekin bat etorriz. Gaur, enpresak premiazko bilera batera deitu gaitu eta, azkenean, orain arte defendatu izan ditugun baldintzetan lortu dugu akordioa sinatzea.
Hilabeteetako negoziazioaren ondoren, gaur esan dezakegu borrokak bere fruituak eman dituela. Lortutako akordioak hobekuntza garrantzitsuak ekarriko ditu Aguraingo kale garbiketako langileon lan baldintzetan:
– Urteko lanaldia 1.604 ordura murriztea.
– Baja osagarria nabarmen hobetzea: 1. egunetik 14.era %80raino eta 15. egunetik 180.era %90eraino.
– Soldatak KPIaren arabera eguneratzea, erosahalmena gal ez dezagun.
– 2 opor egun gehiago eta norberaren aukerako egun 1 gehiago.
– Makineria erabiltzeagatik hilean 30 euroko plus berria.
– Lizentzia eta baimenetan hobekuntzak. (Senideak mediku kontsultetara laguntzeko ordu kopurua handitzea, Aguraingo jaietarako 2 egun libre izatea,…)
– Jaiegunetako orduaren balioa %33 igotzea.
– Laneko arropa eta uniformeetan hobekuntzak.
Baina lortutako edukiez harago, egindako borroka jarri nahi dugu balioan. Langileak batuta mantendu dira, antolatu egin dira eta, beharrezkoa izan denean, aurrera pauso bat eman eta bere eskubideen alde borrokatzea erabaki dute.
Eta erabaki horrek eman ditu emaitzak. Ez digute ezer oparitu. Lortu duguna langileon batasunari, antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugu. Beste behin ere erakutsi dugu antolatzeak balio duela, borrokatzeak emaitzak ekartzen dituela eta langileok elkarrekin indartsuagoak garela.
ZORIONAK LANGILE GUZTIOI!
BORROKAK MEREZI DU!

