2026-10-26
HomeEkintza PolitikoaMikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz...

Mikel Torresek uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz hitz egiteko

EAEko lehendakariorde ere baden Lan sailburuak apirilean LABi eta ELAri mehatxu egin zigun ez genuelako Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte-hartzen; bada, hilabete gutxiren ondoren uko egin dio langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari.

LABek eta ELAk greba orokor arrakastatsua egin genuen martxoaren 17an beste sindikatu eta eragile batzuekin batera; Mikel Torresen jarrera erabat autoritarioa eta antidemokratikoa da, eta talka egiten du euskal gizartearen gehiengoaren nahiarekin.

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren aurretik LABek eta ELAk bilera eskaera egin genion Mikel Torres Lan sailburu eta lehendakariordeari. Sindikatuon helburua zen interlokuzio bat irekitzea gobernuarekin, Eusko Jaurlaritza Euskal Herriko langileen beharretara moldatzen den gutxieneko soldata baten alde inplikatu zedin. Orduan ere Mikel Torresek uko egin zion langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari, eta ez zuen inongo ekarpenik egin gatazka ekiditeko.

Ondoren, apirilean, bere jarrera antidemokratikoa eta autoritarioa erakutsi zuen: LAB eta ELA mehatxatu zituen Elkarrizketa Sozialean parte-hartzen ez dutelako eta hitzez-hitz esan zuen sindikatu nagusien jarrerak “ondorioak” izango zituela.

Bada, berriz ere sindikatuok LGSri buruz hitz egiteko bilera eskatu dugunean, Mikel Torresek uko egin dio bilera emateari. Lan sailburuak erakusten du sail horrentzat elkarrizketa beren helburu politikoak berresteko tresna bat besterik ez dela; horregatik nahi gaitu LAB eta ELA Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, eta horregatik egiten dio uko gizartearen gehiengo zabal baten nahia den LGSri buruz hitz egiteari. Gogora ekarri behar da Lan Sailak eskatu ziola Eusko Legebiltzarrari sindikatuok aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea ez izapidetzea, ia 150.000 euskal langileren sinadura jaso arren.

Martxoaren 17ko greba orokor arrakastatsuaren ondoren, hitzarmenetan gutxieneko soldata borrokatzeaz gain, LABek eta ELAk interlokuzio fase bat ireki dugu instituzioekin eta ordezkari politikoekin, gatazka bideratzeko eta euskal langileek gutxieneko soldata propio bat izateko duten eskubidea gauzatzeko, besteak beste 140.000 langileri beren soldata 1.500 eurotara igotzeko. Fase hau akordiorik gabe amaituz gero, ekinbide berriei heltzeko unea izango da, eta horren harira, Mikel Torres lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren erantzukizun politikoa ere mahai gainean egongo da, sindikatuokin gai honen inguruan biltzeari uko egin eta gero.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.