2026-11-05
HomeEkintza PolitikoaAzalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren...

Azalpenak eskatuko ditugu Lanbideren Administrazio Kontseiluan, baliabide publikoak erabiltzerakoan ustez gertatu diren irregulartasun larriak argitzeko

Gaur jakitera eman den informazioaren arabera, PSErekin lotutako sare klientelar batek 56 milioi eurotik gorako diru-sarrerak jaso ditu azken hamabost urteetan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzen eta administrazio publikoen kontratuen bidez, eta kopuru horren zatirik handiena Lanbidetik eratorria da. Gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa eskatzen dugu LABetik.

El Salto hedabideak berri eman duenez, PSErekin lotutako bi fundaziok eta hiru merkataritza-sozietatek jaso omen dituzte diru-sarrera horiek. Argitaratutako informazioaren arabera, Lanbide izan da sare horren finantzaketa-iturri nagusietako bat, eta erakunde horietatik atera dira Lanbideren azken bi zuzendari nagusiak eta egungo Enplegu sailburuordea. Informazio horrek interes gatazken eta ate birakarien inguruko zalantzak sortzen ditu, eta, horrenbestez, beharrezkoa egiten du baliabide publikoen kudeaketari eta dirulaguntzei buruzko azalpenak ematea.

LABen kezka handiz jaso dugu albistea, ezbaian jartzen baitira Lanbideko dirulaguntzen gardentasuna, inpartzialtasuna eta kontrol-mekanismoak; baita funts publiko horiek kudeatzen dituzten pertsonen eta dirulaguntzen onuradun diren entitateen artean egon daitezkeen loturak ere.

Horregatik, zabaldutako informazioaren inguruko azalpenak ematea ezinbestekotzat jotzen dugu LABen. Eskaera hori Lanbideren Administrazio Kontseiluan egingo dugu (irailaren 21ean egingo den bileran). Era berean, exijituko dugu Lanbideren baliabide publikoak irizpide garden, objektibo eta egiaztagarrietan oinarrituta banatu behar direla, betiere politika publikoen eta herritarren behar sozialen arabera.

Baliabide publikoen kudeaketak gardentasuna, kontrola eta interes publikoaren defentsa izan behar ditu oinarri. Horregatik, LABen lanean jarraituko dugu Lanbiden irizpide horiek bermatzeko eta dirulaguntzen eta baliabide publikoen kudeaketa interes partikularretatik kanpo egon dadin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...