Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako jaietan. Abuztuaren 5ean greba izango da Arabakoa. Honen berri emateko, agerraldia egin dugu gaur Gasteizen.
Bi urte eta erdiren ondoren, hitzarmen kolektiboko negoziazioa blokeatuta dago, EUKI enpresa-elkartearen erabateko pasibotasunagatik eta negoziatzeko borondate ezagatik.
Bitartean, ikuskizunetako eta ekitaldietako langileek beren jarduera aurrera ateratzen dute erabat arautu gabe dagoen sektore batean, non normalean oinarrizko lan-eskubideak urratzen diren.
Beste behin ere, patronalak erakutsi du ez duela borondaterik gutxieneko erregularizazio baterantz aurrera egiteko, lan-baldintza duinak bermatzeko eta lan-baldintzak alde bakarretik inposatzeko orduan duten indar-posizioari amaiera emateko.
Lan baldintza hauen ondorioz, sektorean ohikoa dira prekaritatea, behin-behinekotasuna, legez ezarritako atsedenik gabeko lanaldi amaigabeak, jaiegun-plusik gabe, gau-plusik gabe, bizitza pertsonalarekin uztartzeko aukerarik gabe eta beti enpresen eskura, eta, Lan Ikuskaritzak adierazi duen bezala, eskubide urraketa etengabe bat.
Orain sektore honetan lan egiten dutenak, iraganean ez bezala, antolatuta eta elkartuta daude, abusu-egoera hauek aldatzeko asmo sendoz, beren lanbidetik baldintza duinetan bizi ahal izateko esperantzaz.
Greba Batzordean argi daukate hori lortzeko bide bakarra borroka dela, TEKNIKARIOK, LAB, ESK, UGT, CCOO, ELA eta CNT erakunde sindikalen babesa dute. Gainera, GASTEIZKO TXOSNA BATZORDEAk eta GKS eta ETXEBIZITZA SINDIKATUAren txosnek ere bat egiten dute borroka honekin.
Bihar hasiko dira Andre Maria Zuriaren jaiak, milioi askoko aurrekontua duten jaiak, eta, hala eta guztiz ere, laneko esplotazioarekin eta prekarietatearekin lotuta egongo dira.
ABS-FLUGE EUSKADI S.L., ABS ILUMINACION S.L. eta AUDIOMIC PRODUCCIONES S.L. enpresak, Foruen plazako, Matxete plazako eta Probintzia plazako lanen esleipendunak hurrenez hurren, aipatu ditugu gaur Gasteizen egin dugun agerraldian. Horiek, EAEn jarduten duten eta egoitza duten beste batzuk bezala, salatzen ari garen prekaritate-egoeraren erantzule dira.
Aldi berean, Gasteizko Udalaren erantzukizuna salatu nahi dugu, jai hauetako ikuskizun eta ekitaldien sustatzailea den heinean. Kontratuak esleitzen ditu langileek zein baldintzatan lan egiten duten kontuan hartu gabe.
Izan ere, zuzenean edo dirulaguntza eta laguntza publikoen bidez, erakundeak dira gure inguruko ekitaldien sustatzaile nagusiak. Hala ere, ez dituzte inola kontrolatzen ekitaldi horiek posible egiten dituzten langileen lan-baldintzak.
Horregatik diogu nahikoa dela. Hitzarmen duin baten alde, eta prekaritaterik gabeko jai batzuen alde… Hilaren 5ean grebara goaz.
Gora Langileon Borroka!

