2026-08-22
HomeEkintza SindikalaGalletas Artiachen hitzarmena #LortuDugu

Galletas Artiachen hitzarmena #LortuDugu

Urte eta erdiko negoziazioen ondoren, LABek, batzordean ordezkaritza duten gainerako sindikatuekin batera (ELA, UGT eta ESK), hitzarmen kolektibo berria sinatu du Orozkoko lantegian.

Negoziazio-prozesu osoan zehar, plataforma bateratu bat adostu zutenetik sinaduraren egunera arte, Enpresa Batzordean egon den batasunari balio handia ematen diogu LABen. Gure ustez, zentral sindikalen batasuna gakoetako bat izan da hitzarmen honek barne hartzen dituen bizi- eta lan-baldintzen hobekuntza garrantzitsuak lortzeko. Hauek dira lortutako hobekuntza nabarmenenak:

  • KPItik gorako soldata-igoerak 2025. eta 2026. urteetarako, eta KPIaren baliokideak 2027. eta 2028. urteetarako; horrela, aurreko hitzarmenean galdutako eros-ahalmenaren zati bat berreskuratuko da.
  • Hiru hamarkada baino gehiago urteko jardunaldi-murrizketarik gabe egon ondoren, 32 orduko jardunaldi-murrizketa lortu da. Aurreko hitzarmenean lanaldi-murrizketarik ez zegoenez, LABek ez zuen sinatu.
  • Artiachen enplegu-mailari eusteko konpromisoa, aurreko urteetan egon den enplegu galera eteteko.
  • Fabrikako produkzio-prozesuetan inbertsioak egiteko konpromisoa.
  • Behin-behinekotasuna murriztea. Aldi baterako kontrata daitekeen plantillaren ehunekoa % 10etik % 5era jaitsi da.
  • Hobekuntzak berdintasunean: kontratazio-prozesuetan parekidetasuna lehenetsiko da.
  • Hobekuntzak kontziliazioan: binkulograma sozio-afektiboaren kontzeptua sartzea; horri esker, langileek beren ingurune hurbileko pertsona bat izenda dezakete, familiakoa izan ez arren, ordaindutako lizentziak lortzeko.
  • Bizilekutik lantokirako joan-etorrien gastuak arintzeko garraio-plusa.
  • Lan-zentroan euskara normalizatzeko neurriak.
  • Aurrerapenak eskubide sindikaletan.

Hobekuntza horiek guztiak lortzeko beste faktore giltzarri bat aurreko hitzarmenaren aurretik izandako mobilizazio eta greben agertoki luzea berriro ez errepikatzeko nahia izan da, enpresaren zuzendaritza horren beldur baitzen. Negoziazioa hasi zenetik urtebete igaro ondoren, blokeo kezkagarria zegoen funtsezko gaietan, hala nola soldatan edo jardunaldian. Egoera horren aurrean, LABeko sail sindikalak mobilizazioaren bideari ekitea erabaki zuen, negoziazioa desblokeatzeko. Mobilizazioen iragarpen hutsak zuzendaritzak negoziazioa desblokeatzea ekarri zuen, eta horrek agerian uzten du akordio hau lortzeko Artiacheko langileek duten borroka ibilbideak izan duen garrantzia.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...