2026-08-22
HomeEkintza SindikalaArabako metalaren negoziazioa blokeatzen ari diren enpresak seinalatu ditugu

Arabako metalaren negoziazioa blokeatzen ari diren enpresak seinalatu ditugu

Gaur, maiatzaren 15ean, LAB sindikatuak SEAren aurrean elkarretaratzea burutu du, patronalak Arabako metaleko hitzarmenaren negoziazioan izaten ari duen immobilismoa eta blokeo jarrera salatzeko.

Horrela, azken asteetan, SEAren zuzendaritza batzordean dauden metaleko enpresak seinalatu ditugu, eragin zuzena dutelako hauek patronalak mahaira eramaten ari duen jarrerarekin. LABetik ez dugu onartzen negoziazio hasiera proposamena atzera pausoetan oinarritua izatea. Horrela, SEAk bere plataforma aurkeztu zuenetik, berau erretiratu eta negoziazioa hastea ahalbidetuko duen proposamena ekartzea exijitu dugu. Baldintza bakar bat ere okertu gabe.

Hitzarmen bakoitzaren negoziazio abiapuntua, aurrekoaren baldintzetatik hasi behar da derrigor. Ez atzeragotik. Arabako industriako hitzarmen garrantzitsuena denaren negoziazioarekin hasteko malgutasuna biderkatzea, baja osagarriak okertzea edota eskubide sindikaletan atzera egitea ekartzea mahaira iraina da sektorearentzat. Langile guztientzat. Gatazka nahi badute, beren enpresetaraino eramango dugu. Bertan lan egiten duten langileek ere jakin dezaten zein izaten ari den beren zuzendaritzen papera. Eta erantzukizuna.

Duela urtebete esan genuen, negoziazio hau prestatzen hasi ginenean: sektoreak hitzarmen duina nahi badu, edukietan sakonduko duena, ezinbestekoa izango da borrokarako prest egotea. Patronalek eta enpresek ez digute ezer oparituko.

Bada garaia mahai negoziatzailean gauden eragile guztiek gure erantzukizuna hartu dezagun. Patronalak berea, eta edukietan negoziagarria den proposamena ekarri dezan mahaira. Eta sindikatuena ere, bakoitza bere ordezkaritzatik eta sektorean daukan posiziotik. Ezin gara begira geratu, zerbait gertatuko delakoaren esperoan. Baldintzak sortu behar ditugu, bai mahaian, bai enpresetan, eta baita kalean. LAB-entzat sektorea oinarria da, hau delako langile guztiak barnebiltzen dituen hitzarmena. Enpresaz enpresa negoziatzera mugatzeak langile zaurgarrienak bazterrean uzten ditu. Horregatik, sektorea aktibatzeko hautua egin dugu

LAB horretara doa. Inori itxaron gabe. Inork iniziatiba noiz hartuko duen esperoan. Sektorea borrokarako prestatu beharrezkoa da. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...