2026-02-01
HomeIndustriaMetalgintzaVicinay taldeak Cables y Alambres enpresa ixtera kondenatu duela salatu dute langileek

Vicinay taldeak Cables y Alambres enpresa ixtera kondenatu duela salatu dute langileek

Egoeraren aurrean, Erandioko enpresako langileek mobilizatzeari ekin diote, kalera atera dira. Vicinay Taldeari eskatu diote lantokiaren behin betiko itxiera eragotziko duen etorkizuneko plana egin dezala.

Enpresa batzordearen oharra:

Enpresa Batzordeak salatu nahi du: Vicinay Taldeak, Erandion, Kablea ekoizteko duen bere enpresaren jarduera suntsitzen eta eraisten ari dela.

Atzo, enpresak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Joan den hilean, Abuztuan, Enpresa Batzordeari Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Espedientea aurkeztu zion, 43 langileren kaleratzea proposatuz. Langileek erabateko ezezkoa eman zieten espedienteari.

Zuzenean 122 beharginek eta zeharka 50 bat beharginek lan egiten duten enpresa hau, Vicinay Taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen. Ordura arte, akziodunak langileak beraiek ziren eta lantokia dagoen lursaila, SOCADE elkartearen bitartez, Eusko Jaurlaritzarena zen.

Vicinay Taldeak dena eskuratu zuen; hau da: alde batetik, akzio guztiak erosi zituen; eta bestetik, lursaila (lurrak eskuratzeko, Eusko Jaurlaritzarekin akordio bat egin zuten bost urtez jarduerari eutsiko ziola). Orduan, Vicinay-k publikoki adierazi zuen: 10 milioi eurotako inbertsioak burutuko zituela, 40 kontratazio berri egingo zituela eta ekoizpena %70ean handituko zuela.

Benetan gertatutakoa oso bestelakoa da. 40 kontratu berri egin baino, langile kopurua gutxitu du eta egin diren kontratazioak Aldi Baterako Lan Enpresen bidez egin dira. Vicinay egin dituen inbertsioak erabat eznahikoak izan dira beharrezkoa zen produkzioa bermatzeko eta langileen segurtasuna ziurtatzeko.
Honi gehitu behar diogu, herriko udalak agertu duen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapena; zeinak aurreikusten duen: lantokia kokatzen den lursaila bizitegi-gune bilakatu nahi duela.

Sindikatuek 2017. urtetik hona etengabe salatu dute, Vicinay Taldeak ez baldin bazuen apustu erreal bat egiten Erandioko lantokiaren alde, industria proiektua eta enplegua arriskuan leudekeela.

Industria planik eza etengabe errepikatu den egoera izan da azken 5 urtetan. Baina egun dugun egoeraren detonatzailea izan da: azken urte eta erdian enpresak sufritu duen bazterketa eta utzikeria.

Egungo argazkia: orain bi aste jarduera geratuta, eta Vicinay-ren aginduz modu mugagabean gainera; langileak etxean daude baimen ordaindu batekin; eta jada 80 egun baino gehiagoko soldata zorra dauka enpresak eurekin. Horri gehitu behar zaio, Vicinay Taldeak esan diela aurrerantzean ere ez dutela soldatarik kobratuko.

Guzti honen aurrean, langileak mobilizatzeari ekin diote, kalera atera dira. Vicinay Taldeari eskatu diote lantokiaren behin betiko itxiera eragotziko duen etorkizuneko plana egin dezala. Eusko Jaurlaritzari eta udalari laguntza eskatu diete, bitartekari izan daitezen, ehunka urte dituen proiektu industrialaren etorkizuna eta enplegua ziurtatuko duen akordioaren alde.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...