2026-10-28
HomeEkintza SindikalaEnplegu Zentro Berezietan lan egiten duten langileen osasunarekin ez jolasteko eskatu die LABek...

Enplegu Zentro Berezietan lan egiten duten langileen osasunarekin ez jolasteko eskatu die LABek mutualitateei

Joan den ekainaren 16an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gobernantza batzordeak honako ebazpena onartu zuen: “Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasun funtzionala duten langileak barnebiltzen dituzten lan eta zerbitzuen esleipenen kontratazio pleguetan, esleipen horietan parte hartu ahal izateko enpresek kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzarekin kontratatuak izatearen baldintza ezartzea”. Azkenik, EAJ-k eta PSE-k ebazpena aplikatzearen aurkako gomendioa eman zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gaur, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutakoaren ildo berean.

LAB sindikatuak agerraldia eta mobilizazioa egin ditu gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta aurkeztutako proposamenarekin bat egin du. Izan ere, Enplegu Zentro Berezietako langileek aitortutako desgaitasuna izate hutsak mutualitateen aurrean bigarren mailako langile bihurtzen ditu, kasu askotan ez baitituzte lan-istripu edo gaixotasun profesionaletatik eratorritako bajak onartzen, eta langileen egoerari egozten baitizkiote, hain zuzen ere, Enplegu Zentro Berezietan kontratatuak izateko arrazoia izan den desgaitasuna izateari.

Mutualitateek enplegu zentro berezietan laneko kontingentziak kudeatzeari uztea nahi du LABek. Langileen osasunaren gainetik interes ekonomikoak jartzen dituzte, eta Enplegu Zentro Berezietako langileen kasuan hori bereziki larria da kontingentzia arruntengatik aldi baterako ezintasun prozesuetara bideratzen dituztenean, mutualitateek zein enpresek langileen lan-osasunarekiko duten erantzukizunetik aldenduz.

Bereiziki prekarizatutako sektorea da Enplegu Zentro Berezietakoa: gainerako langileek baino behin-behinekotasun handiagoa dute, langileen %80k hilean 1.500 € baino gutxiagoko soldatak ditu; eta gainera, askotan lan-osasunerako eskubidea ukatzen zaie.

LABek langileei dei egiten die mutualitateek osasun publikora bideratzen dituzten egoerak salatu ditzaten, eta erakundeei eskatzen die aniztasun funtzionala duten pertsonen lan-osasuna eta lan-baldintzak bermatzeko, beren osasuna mutualitateen negoziotik kanpo geratzen dela ziurtatuz. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidaideak enpresako langileak hitzarmen duin baten alde borrokan ari dira

Mobilizazio bat egin dute gaur, enpresaren aurrean, negoziazio mahaia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Lan-arrazakeria, morofobia eta islamofobia badago, ez da benetako aniztasuna

Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.

Urriaren 30eko grebari eusten diogu, Osakidetzarekin negoziatzeko beharrezko aurrerapenik ez dagoelako

Gehiengo sindikala osatzen dugunok proposamenak eskatzen ditugu plantillaren beharrei erantzuteari dagokionez, eta Osakidetzari gatazka-egoera konpontzeko borondatea eskatzen diogu. Onartezina da Osakidetzak gaur egun inolako soldata-proposamenik egin ez izana.