2026-10-26
HomeEkintza SindikalaEstaños Matienako langileen grebak Donostiara eraman du protesta

Estaños Matienako langileen grebak Donostiara eraman du protesta

Zumaiako Estaños Matiena enpresako langileek abian duten grebaren testuinguruan, gaur elkarretaratzea egin dute Donostian, enpresaren bulegoaren aurrean, laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak exijitzeko.

Langileek apirilaren 13tik 17ra bitarteko greba deitu dute, azken hilabeteetan izandako lan istripu larrien ondorioz eta enpresak egoera horri aurre egiteko erakutsi duen borondate faltaren aurrean. Gogorarazi dute, besteak beste, 2026ko urtarrilaren 31n izandako lan istripu hilgarriak agerian utzi zuela prebentzio neurriak berehala indartzeko premia.

LAB sindikatuak salatu du enpresak ez dituela beharrezko neurriak hartu langileen osasuna babesteko, eta, are gehiago, gardentasun falta, informazio ezkutatzea eta langileen ordezkarien aurkako jarrera autoritarioak izan dituela. Halaber, ohartarazi du egoera honek zuzenean arriskuan jartzen dituela langileen bizitza eta osasuna.

Gaurko mobilizazioaren bidez, langileek eta LABek dei egin diote enpresari berehala neurri eraginkorrak har ditzan laneko arriskuak ezabatzeko, prebentzioa indartzeko eta langileen eskubideak errespetatzeko.

Era berean, adierazi dute mobilizazioek jarraipena izango dutela benetako konponbideak iritsi arte, eta ez dutela onartuko langileen bizitza arriskuan jartzen duen egoerarik.

Lan osasuna eta segurtasuna ez dira negoziatzen. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.