2026-04-09
HomeEkintza SindikalaZumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma...

Zumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma daitezen exijitzeko

Hainbat lan istripu izan dira enpresa horretan, eta iragan urtarrilaren 31n langile bat hil zen lanean. Hala ere, enpresak ez du berehalako neurririk hartu langileen osasuna, prebentzioa eta segurtasuna bermatzeko, eta langileen ordezkaritzarekin fede txarrez jardun du. Hori salatzeko, greba egingo dute apirilaren 13tik 17ra. 

Zumaian kokatuta dagoen Estaños Matiena enpresako langileek bost eguneko greba hasiko dute apirilaren 13an. Prebentzioan, segurtasunean eta lan osasunean dauden gabezia, hutsune eta ez-betetze larriak konpontzeko enpresaren borondate ezak bultzatu ditu langileak greba egitera.

Apirilaren 13tik 17ra egingo den grebaren aurreabisua pasa den apirilaren 1ean erregistratu zen Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailean. 

2025eko abuztuaren 8tik 2026ko martxoaren 31ra, hainbat lan istripu gertatu dira Estaños Matienan. Pasa den urtarrilaren 31n izandako lan istripuak langile gazte baten heriotza eragin zuen. Datu horiek ez dira estatistika anker bat gizentzeko erregistro hutsak, langileen osasuna eta bizitza bera arriskuan jartzen dituen ekosistema baten isla baizik. 

Egoera horren aurrean, enpresak muzin egin die prebentzioa antolatzeko, segurtasunean modu ordenatuan sakontzeko eta lan osasuneko araudia behar bezala txertatzeko langileen saiakerei. Aitzitik, mehatxu, jarrera autoritario eta gardentasun faltarekin erantzun die, informazioa ezkutatuz, erantzukizun oro baztertuz eta langileen legezko ordezkaritzari dagozkion eskubideak eta eskumenak ukatuz.

Langileek aspaldidanik salatu dituzte hainbat arrisku; besteak beste, makineriaren egoera kaskarra, mantentze-lan falta eta erabiltzen diren produktu kimikoek osasunean duten eragina. Urte hasieran gertatutako lan istripu hilgarriak egoera muturrera eraman zuen, eta agerian utzi zuen prebentzio-neurriak berehala indartzeko premia.

Langileek salatzen dutenez, enpresak ez ditu beharrezko neurriak hartu langileen osasuna zaintzeko eta segurtasuna bermatzeko eta, gainera, langileen ordezkaritzarekin harremanean fede txarrez eta opakutasunez jokatu du, idatziz egindako eskaerei erantzunik eman gabe, erantzunak atzeratuz, prebentzio ordezkariari informazioa ukatuz eta lan ikuskaritzaren txostena denbora luzez arrazoirik gabe ezkutuan mantenduz. 

Era berean, enpresak, gertatutako lan istripuen gaineko ardura ukatzearekin nahikoa ez, eta LAB sindikatuko ordezkaria mehatxatu du, informazioa publiko eginez gero ekintza legalak abiatuko dituela adierazita.

Langileen ustez, enpresaren politika prebentzioaren oinarrizko printzipioen aurkakoa da, eta horrek zuzenean arriskuan jartzen ditu langileen segurtasuna eta osasuna. Baieztapen hori grebaren erregistroarekin batera zerrendatzen diren hutsune, gabezia eta ez betetzeetan oinarritzen da: 

  • Informazio eta kontsulta betebeharrak ez betetzea: Langileen Estatutuaren (LE) 64. artikuluan eta Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen (LAPL) 36. artikuluan aurreikusitako legezko betebeharrak ez betetzeagatik.
  • Prebentzioaren integrazio falta: lan arriskuen prebentzioa kudeaketan eta ekoizpenean txertatu ez delako.
  • Prebentzio-baliabidearen figura ez egotea: enpresan prebentzio-baliabidearen (‘recurso preventivo’) figurarik ez dagoelako.
  • Informazio eta prestakuntza falta: langileei lan arriskuen prebentzio-neurriei buruzko informazioa, prestakuntza eta lan-instrukzioak eman ez zaizkielako.
  • Prebentzio-jardueren koordinazio falta: Estaños Matienako instalazioetan (enpresa-sarea) lan egiten duten gainerako langileekiko prebentzio-jardueren koordinaziorik ez dagoelako.
  • Arrisku kimikoen ebaluazio falta: dauden arrisku kimikoak ez direlako ebaluatu eta neurri kolektiborik ez dagoelako.
  • Arrisku-ebaluazioak ez berrikustea: gertatutako azken lan-istripuen ondoren, arrisku-ebaluazio orokorrak berrikusi eta berridatzi ez direlako.
  • Modernizazio eta mantentze-planik eza: instalazioak eta lan-ekipoak lan arriskuen prebentziora egokitzeko modernizazio tekniko eta prebentziozko mantentze-planik ez dagoelako.
  • Lan-ekipoen araudia ez betetzea: lan-ekipo askok ez dutelako araudi espezifikoa betetzen, Osalanek, Lan Ikuskaritzak eta kanpoko prebentzio-zerbitzuak berak ebatzitakoaren arabera.
  • Prebentzio-ekintzaren printzipioen aurkako enpresa-politika: prebentzioa segurtasun eta osasun baldintzetan kudeatu beharrean (prebentzio-zerbitzuaren eta Osalanen aholkularitzarekin), termino juridikoetan eta abokatu baten aholkularitzarekin kudeatzen delako.

Horrenbestez, Estaños Matienako langileek argi dute ezinbestekoa eta atzeraezina dela berehalako neurriak hartzea, osasuna, prebentzioa eta segurtasuna ezin direlako bigarren mailan utzi.

Enpresaren jarrera itxiaren eta axolagabearen aurrean, euren bizitzak eta osasunak axola dutelako eta lan baldintza duinak behar dituztelako, grebara joko dute. 

Aldi berean, adierazi dute gaur arte bezala langileen ordezkaritzaren bitartez prebentzioa eta lan baldintzen hobekuntzan ekarpen zintzoa egiteko prest daudela. Horretarako, enpresarekin egun ez dauden elkarrizketa-bide adostuak, egonkorrak eta eraginkorrak irekitzea eskatzen dute. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk greba dinamika abiatuko dute EAEko udal langileen sektorean

EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea hemen eta orain negoziatuz. Apirilaren 23an...

LABek politika publiko propioak exijitzen ditu, Nafarroako erregularizazioa enplegu arloko eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua izan dadin

Nafarroako Gobernuko presidenteak deituta, gaur bilera egin dute enpleguari eta migratzaileen erregularizazioari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntza bat exijitzen...

LABek etsigarritzat jo du Lan eta Enplegu Sailarekin izandako bilera. Tubos Reunidosi buruzko funtsezko galderei ez zaie erantzunik eman

Tubos Reunidosen irekitako gatazkari dagokionez, gaur Lan eta Enplegu Sailarekin izandako bileran, ziurtasunak eman beharrean, berriro ere agerian geratu da prozesu osoa markatzen ari...