2026-07-03
HomeEkintza SindikalaCAF Turnkey & Engineeringeko langileek greba mugagabea hasi dute diskriminazioarekin amaitzeko

CAF Turnkey & Engineeringeko langileek greba mugagabea hasi dute diskriminazioarekin amaitzeko

LABetik, CAF Turnkey & Engineeringeko Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako langileei gure animo eta babes osoa helarazi nahi diegu; izan ere, atzo, martxoak 30, astelehena, greba mugagabeari ekin zioten.

Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako zentroetako langileek atzo hasi zuten greba mugagabea, LABen eta langileen iritziz urte luzez CAF taldeko beste zentro batzuekiko arlo laboral, sozial, antolakuntza eta ekonomikoan jasaten ari diren diskriminazioa salatzeko.

CAF taldeko filial honek Euskotreneko EMUen, Gasteizko tranbiaren eta Metro Bilbaoko hainbat berme zerbitzuren mantentze-lanak egiten ditu. LABetik salatzen dugu, jardueraren garrantzi estrategikoa eta hartzen duten erantzukizun tekniko handia gorabehera, enpresak uko egiten diola berdintasunari, lan baldintzen hobekuntzari eta aitortza profesionalari lotutako oinarrizko aldarrikapenei erantzuteari.

Grebaren arrazoi nagusien artean dago zentroen eta lanaren izaeraren araberako diskriminazio argia. Enpresak mantentze-lanetako zentroei (Gasteiz, Lebario eta Sopela) baldintza okerragoak ezartzen dizkie Zamudio eta Ibarra bezalako egoitza zentralekin alderatuta, justifikazio objektiborik gabe.

Halaber, zentro horietako langileek salatzen dute ez dutela kontziliaziorako neurri eraginkorrik, Zamudio eta Ibarrean ez bezala. Egoera are larriagoa da CAF taldeak beste zentro batzuetan onura sozial horiek publikoki balioesten dituelako, baina mantentze-lanetako langileei ukatzen dizkielako.

Horri gehitu behar zaio enpresak uko egin diola benetako negoziazio bati ekiteari, hobekuntza sozial eta ekonomikoei dagokienez, hala nola antzinatasuna eta barne sustapenak. LABen ustez, onartezina da urte askoren ondoren oraindik ere langileen esperientzia eta ibilbidea behar bezala ez aitortzea.

Enpresak tratu desberdina lan ezberdinen aitzakiarekin justifikatzen du, baina LABetik erabat baztertzen dugu argudio hori, egindako lana enpresaren jarduera tekniko eta produktiboaren funtsezko parte delako.

Greba mugagabe hau, gainera, CAF taldean gero eta handiagoa den lan gatazkaren testuinguruan kokatzen da, Beasaingo eta Irungo zentroetan ere lanuzteak egiten ari diren une berean. Egoera honek agerian uzten du, langileen ustez, CAF taldeak lan harremanak kudeatzeko duen moduan arazo estrukturalak daudela.

Horregatik guztiagatik, Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako langileek nahikoa dela esan dute eta greba mugagabeari ekin diote, helburu hauekin:

  • Zentroen arteko diskriminazioari amaiera ematea.
  • Eskubide eta onura sozialetan benetako berdintasuna lortzea.
  • Sustapen eta sailkapen profesionalerako sistema bidezkoa ezartzea.
  • Eta lan baldintzak duintzeko benetako negoziazioa irekitzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: AranokoMaderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.